harri-jasotzea San Bartolome Sariketa
Izeta IV.ak bere gorakada berretsi du Elgoibarren
Zarauzko harri-jasotzaile gazteak hiru jasoaldi atera dizkio Beliosori eta hemeretzi Ariztegiri.
Jon LEUNDA
Izeta IV.ak irabazi zuen herenegun arratsaldean Elgoibarren jokatu zen San Bartolome saria. Berez lau harri-jasotzaile ziren izatekoak, baina azken orduan, arazo batzuk medio, Aimar Irigoienek ezin izan zuen joan.
Hiru harri erabili zituzten, hirurak ere 100 kilokoak, zilindroa, kubikoa eta bola, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txanda bana izan zituzten. Jendeak ere erantzun handia eman zuen, gainezka egon baitzen Foruen plaza.
Errezildarraren faltan, Izetaren eta Beliosoren artean zegoen txapela, baina amaieran zarauztarrak nahiko eroso lortu zuen garaipena, hiru jasoaldiren aldea kendu baitzion.
Atzo, berriz, Otaegik bereganatu zuen gazteen Euskal Herriko txapela. Hemen ere lau ziren izatekoak, baina Goenatxo III.a gaixorik zegoen, eta azkoitiarrak ezin izan zuen lehiatu. Kirolari bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko kubikoa erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin hiruna minutuko txanda izan zuen.
Jagoba Otaegik kubikoarekin erabaki zuen txapela. Izan ere, zilindroarekin Telleria IV.a izan zen onena 28 jasoaldirekin, Otaegik baino bat gehiago jasoz, eta Oiarbidek baino lau gehiago. Kubikoarekin, ordea, Aizarnakoak lan bikaina egin zuen 18 jasoaldi emanez. 16 eman zizkion Oiarbidek, eta 11, berriz, Telleria gazteak. Urnietarrak lehiaketa oso ongi hasi zuen, lehen postuan jarriz, baina azkeneko lanaren ostean, hirugarren postuan amaitu zuen, nahiz eta Oiarbide jasoaldi batera geratu zen. Telleria zen finalean aritu zirenen artean gazteena.
Trontzalariak
Atzo jokatu zen Euskal Herriko Bigarren Mailako trontzalarien finala ere, eta amaieran garaipena Aranak eta Loiolak osatutako bikoteak eskuratu zuen. Beren atzetik sailkatu ziren Salegi-Zubiaurre eta Aizkorbe-Goldarazena. Orain dela bi aste jokatu zen Euskal Herriko Txapelketako emaitzak errepikatu egin ziren atzoko finalean ere.
Oskar Perezek, berriz, Euskal Herriko Orga Joko Txapelketa bereganatu zuen, erabateko nagusitasunarekin. 4 itzuli eta 2 metro egin ziten txapela jantzi zuen kirolariak. Bigarren postuan, berriz, Jagoba Uranga sailkatu zen 3 itzuli, 3/4 eta 2 metro eginda. Atzetik, Fernandez de Retana, Thomas, Petrirena eta Bujan sailkatu ziren.