GARA > Idatzia > Kultura

Amalurraren barrenak

Euskal Herrian makina bat kobazulo ikusgarri daude arrazoi ezberdinak direla medio: arkeologikoak, historikoak... Santa Graziko La Verna haitzuloa, ordea, bertako aretoen zabalera eta altueragatik da berezia. Bertan aurrez aurre aurkituko duguna irudikatzea ezinezkoa da. Horrenbestez, aukera bakarra dugu: Zuberoako txoko eder honetara hurbiltzea.

p044_f01.jpg

p044_f02.jpg

p044_f03.jpg

Odei IRIGOIEN | SANTA GRAZI

Donibane Garazitik abiatuta Lekunberrirako bidean, bertatik ateratzen den metroak eta metroak igotzen dituen errepide estuari jarraiki, Larrainera iristen da. Mendi bideetan zehar dozenaka behi eta ardi saihestu behar dira, baina bestela ere soseguz joan beharra dago. Mila metrotik gorako bi mendate pasata, bideak eskaintzen dituen paisaiak edonoren begientzat gozagarri aparta dira. Gain-gainean behe lainoa aurkitzea oso arrunta da, baina laino artetik atera bezain pronto hegazti harrapari batek izan lezakeen ikuspegiaren parekoa agertu zitzaigun parean: bailara luze eta sakona aurrez aurre eta herrixka eta etxe zuriak sakabanatuta, oraindik ere gugandik urruti. Behin Larrainera helduta, Santa Grazirako bidea ondo adierazita dago; bertan, inguruetako kanposantu zaharrenetarikoa aurkituko dugu.

Donamartiriko Isturitze eta Otsozelaia kobazuloetako giza aztarnategiak ezagunak dira, baita Sara, Urdazubi eta Zugarramurdiko leize-zulo sareak ere, akaso makina bat urte daramatelako jendearentzat zabalik edota duten historia oparoarengatik. Zuberoako Santa Grazi herrian dagoen La Verna haitzuloa, ordea, 2010eko uztailaren 1ean zabaldu zen bisitarientzat, urte berean 9.000 bisitaritik gora hartu zituelarik. Aurten 10.000tik gora izatea espero dituzte. Bere erakargarritasuna, ordea, ez da arrazoi historiko edo paleontologikoetan oinarritzen; bere galerien luzerak -kilometroak eta kilometroak hartzen dituzte- eta aretoen handitasunak erakartzen ditu bisitariak. Guk bisitatu genuen aretoa munduko hamar handienen artean dago: 250 metrotako diametroa eta 190 metroko altuera ditu.

Herria gurutzatzen duen errepideak bi auzune zeharkatzen ditu, eta, bien arteko bidean, La Vernako interpretazio zentroko aparkalekuraino eramango duten seinaleak aurkituko ditu bisitariak. Kobazuloaz gain, badira turistak erakartzen dituzten beste zenbait elementu ere, hala nola Kakuetako zintzurra, zeinak kareharrizko pareta garaien artean mendi buelta bat egiteko aukera eskaintzen duen. Bestalde, Santa Grazik herri estatusa lortu zuen urte berean, 1085ean alegia, eraikitako eliza erromanikoa ere badago -Leireko monasterioak eraikiarazi zuen-.

Eskaintzen diren ibilbideetatik motzenean 24 pertsona sartzen dira batera gehienez ere. Aukera aproposa da 5 urtetik gorako haurrekin egiteko edota pertsona helduentzat. Gainera, gurpil-aulkian doazen pertsonentzat egokitutako bisita eskaintzen duen leize-zulo bakanetakoa da. Dena dela, astia izanda, oinez joateko bidea ere badago; errekastoan gora doa kobazuloaren sarrera bateraino eta pare bat orduan aise egin daiteke.

Kobazuloak hainbat sarbide natural baditu ere, 50eko hamarkadaren bigarren erdian eginiko tunel estu batean barrena gidatu gintuzten, hamar bat minutu ibiliz argiztatutako korridore batean zehar. Kaskoa janztea beharrezkoa da. Horrela eginez gero, 1,70 metrotik gora neurtzen duen edonork kaskarreko galanta hartzeko aukera saihestuko du! Behin bertara iritsita, dena beltz ikusten da, gaurik ilunenean baino beltzago. Hala ere, bisitariaren arreta bereganatuko du kobazulo baten barruan egonik, momentu horretatik aurrera sentitu ere egin daitekeen zabaltasun sentipenak.

Gidari gazteak bisitariei azaltzen dienez, bertaratu ziren lehendabiziko espeleologoek izarrak topatu nahi izan zituzten Amalurraren erraietan zabaltzen den zeru beltz honetan, dagoeneko kanpoaldean zeudela uste izan baitzuten. Eta, egia esan, ez da harritzekoa, argiztatze sistema modernoa martxan jarri orduko, zur eta lur geratu baikinen 24 bisitari ñimiñoak. Eta ñimiñoak diogu, halako eremu ilunean distantziak neurtzea zaila baldin bada ere, azpian, oso azpian, ikusten ziren giza irudi biak -1,80 metroko mutil puskak izanagatik- zortzi edo hamargarren pisu batetik ikusten diren gizakien antzerakoak baitziruditen. Eta hala eta guztiz ere, burua altxa beharra zegoen sabaia ikusteko; izan ere, begien ikusmen eremua ez da gai begiratu bakarrean guztiaz jabetzeko.

Pare-parean zulo handi bat dago, non azpikoen tamaina bereko beste giza irudi bik bertaratu ziren lehendabiziko esploratzaileak ordezkatzen dituzten. Bien artean beraien izenak daude, arroka baten gainean idatzi zituztenak; hain zuzen ere, bertaraino eraman zituen pasabideari bizkarra ematen diete esploratzaileen irudiek. Zulo horretatik azpiko arrokazko hondartzatxora ia 80 metroko jauzia dago. Ikusten ez badira ere, ur jauziek eta errekastoak egindako soinuak etengabe entzun daitezke; hondo-hondotik doa errekastoa, zulo erraldoian barna.

«Euria» ere aipatu beharra dago, kobazulo barruan etengabe euria ari duela baitirudi: azalean zirimiri antzeko bat nabaritzen da, eta, fokuek gorantz argiztatzean, etengabeko tanta jarioa ikusten da. Ez da harritzekoa lehendabiziko bisitariek zeru zabalaren pean zeudela sinetsi izana!

Alina Elgoyhen santagraztarra da, bertan jaio eta hazitakoa. Atharratzen bizi da 22 urteko gaztea eta joan den urtean amaitu zituen turismo ikasketak, hain zuzen ere La Vernari buruzko proiektua aurkeztuta eta bertan praktikak eginda. «Hemen geratu nintzen lanean gero. Urte osoan zehar dihardut, harreran edota gidari gisa». Gustura dago bere lanarekin, horrelako ekimenek «herriko gazteei bertatik bertara lan egiteko aukera eskaintzen digute-eta». Izan ere, Zuberoak jasaten duen despopulazioa dela medio, gazte askok ez dute bertan lan egin edota etxebizitza aurkitzeko aukerarik. Ondorioz, biztanleria zahartze prozesu latzean murgilduta dago.

Zeharkatutako herrietan etxe huts andana ikusi genituen, baita egoera hori salatzen zuten hormetako «Euskal Herria ez da salgai!» eta «35.864 heriotza» leloak ere. Ipar Euskal Herrian dauden 35.864 etxebizitza hutsak dira, Pirinioen iparraldeko herrixkak heriotzara eramaten dituen «kantzerra».

Harrigarria da interpretazio zentroan euskarak duen presentzia murritza ere. Euskaraz ongi egiten duen auto gidari bat soilik aurki dezake bisitariak. Alinak esan digunez, «zuberera galtzen ari da. Nik erdipurdika hitz egiten dut, gurasoetariko bat erdalduna denean ez baita euskararik mintzatzen etxean». Gainera, «sarri ama edo aita Maulerat, Oloronerat edo urrutiago joaten da lanera, eta haurrekin denbora gutxiago ematen du». Hala ere, aurtengo maskarada santagraztarrek atera dute aurrera, Alina bera tarteko, azkenean, ezbehar bat medio, bertan behera utzi behar izan bazuten ere.


Bisitari profil bakoitzari egokitutako aukerak

Leize-zuloan zehar bisita egiteko aukera ezberdinak eskaintzen dira La Vernan. Furgonetan eginiko joan-etorria 29 eurotan ordaindu genuen bi pertsonarentzat, eta barruan ez ginen luzaroan egon, ezta leku batetik bestera larregi mugitu ere. Halere, gurpil-aulkian doazen pertsonentzat aukera ona da.

Dena dela, leizean barna hiru, bost eta zortzi ordurainoko ibilbideak eskaintzen dira, talde txikietan betiere. Motzena kobazuloan zeharreko ibilaldia da, konplikazio larregizkorik gabea. Badago rappela eta eskalada egitea eskatzen duenik ere, eta, azkenik, ibilbide luzeenean mendi buelta eransten zaio. Espeleologia baimena duen jendearentzat ere erakargarria da oso, 400 kilometrotik gora pasabide baitaude kartografiatuak, eta lana dago oraindik ere egiteke. Kobazuloak sarrera ezberdinak dauzka mugaren bi aldeetan, eta Arlas mendiaren azpialde guztia tunel, galeria eta pasabide ezberdinen bitartez komunikatzen du.

Ibilbideen prezioak 40 eta 60 euro bitartekoak dira, segurtasun neurriak eta aseguruak direla medio ibilbide laburraren prezioa baino askoz onargarriagoak direnak. Informazio gehiago, www.laverna.fr helbidean... baina ez euskaraz.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo