Xabier ALZELAI | Probetako ingeniaria
Akzioa eta erreakzioa
Lau asteko geldialdiaren ondoren, taldeak zirkuituetara itzuli dira, agertoki ezin hobe batean: Spa-Franchorchamps. Pilotuak beti pozten dira zirkuitu mitiko honetan gidatzeaz, berdin dio 1 Formulan edo beste edozein lehiaketetan parte hartzen duten. Gidari askoren zirkuitu gogokoena da; amodio hau Le Raidillon de l'Eau Rouge bihurgune konbinazioarekin hertsiki lotuta dago, denboraldi osoko sektore zirraragarrienetako bat. Ez dakigu Alonsok gaur oraindik gauza bera pentsatuko duen, Webberren aurkako buruz burukoaren ondoren. Une benetan ikusgarria!
L'Eau Rouge-ko aldapan gorako sektore ezaguna 1939an eraiki zen, zirkuitua bizkortzeko egindako layout-aren aldaketa gehigarri batzuekin batera. Gaur egun, hiru bihurgunez osaturiko sektore hau (ezker-eskuin-ezker) pilotuek topera hartzen dute; eskuinetarako bihurgunean, aldapa goran, 300km/h-ko abiadura gainditzen da. Auto zein pilotuek azelerazio bortitzak jasaten dituzte gune honetan. Aldaparen puntu baxuenean 2 g-ko konpresio bertikala sufritzen dute. Ondorengo eskuinetarako bihurgunean alboko indarra 4 g-ra irits daiteke.
Hau da, pilotuaren lepoak jasaten duen indarra bere buruaren pisua baino lau aldiz handiagoa da. Bihurgunearen gailurreko puntuan 1 Formulako auto batek 1 g-ko indar bertikal negatiboa sumatzen du. Autoak abiadura horretan sortzen duen 2,5 g-ko karga aerodinamikoagatik ez balitz, hegan egingo luke bihurgunearen irteeran. L'Eau Rouge topera hartu ahal izateko arrazoia, beraz, aerodinamikoa da.
Spa egutegiko zirkuitu luzeena da (7 km) eta bigarren azkarrena Monzaren ondoren. Gatz apur bat gehitzeko, zaila da ingurune honetan euri gabeko asteburu bat izatea; zirkuitua horren luzea izanik, normalean euria modu irregularrean agertzen da, zirkuituko zonalde bat bustiz beste bat lehor mantentzen den bitartean. Zirkuitu «naturala» dela esan daiteke, non asfaltoak basoaren ingerada jarraitzen duen.
Spa erronka interesgarria da taldeentzat ere. Lehenengo eta bigarren sektoreetan erresistentzia aerodinamiko minimoa bilatzen den bitartean, bigarrenean karga beharrezkoa da azkarra izateko. Beraz setup idealerako konpromiso bat bilatu behar da. Motorrentzat zein pneumatikoentzat zirkuitu gogorra da, asteburuan frogatu bezala. Eau Rouge-ko gorabeherak gurpilak konpresio indar bortitzen menpean ezartzen ditu, abiadura handian. Horri karga aerodinamikoa eta inertzia kargak gehitu behar dizkiogu; beraz, pneumatikoen presioak kontu handiz aukeratu eta kontrolatu behar dira. Baita pneumatikoen jauskerak ere. Jauskera handiago batekin kurbetan itsaspena lor dezakegu eta pneumatikoak azkarrago berotu ditzakegu. Jauskerak gurpilaren kontaktu gainazalean tenperatura gradiente bat eragiten du. Baina neurriz kanpoko jauskera batek blistering efektu desiragaitza eragin dezake. Ondorio bezala gurpilaren kontaktu gainazalean burbuilak sortzen dira, itsaspena nabarmenki galduz.
Hori da hain zuzen RedBulli eta Hamiltoni larunbatean aurreko gurpiletan gertatu zitzaiena. Efektu berdintsua sufritu zuten atzoko lasterketaren hasieran, Ferrarik arazo hori ekiditea lortzen zuen bitartean. Hirugarren eta laugarren biretan Webber eta Vettelen gurpilak aldatu behar izan zituzten, Alonsok lasterketaren garaipena lor zezakeela zirudien bitartean. Vettelek, bitartean, blistering-a sufritzen zuen aldatu berri zituen gurpilekin ere.
Hamiltonek istripua izan bezain laster, Vettelek berehala aldatu zituen gurpilak, Safety car-a sartuko zela kontuan izanda. Safety car-ak pista libre utzi zuenean, Alonso buruan zen eta Vettelek pneumatiko berriak zeramatzan. Bazirudien Vettelek berriro arazoak izango zituela gurpilekin, baina DRS bitartez Alonso aurreratu zuen eta une horretatik aurrera inork ezin izan zion jarraitu. Zergatik desagertu zen blistering-a? Pista gradu batzuk berotu zen, eta, horrez gain, baliteke Sebastian Vettelek aurreko aleroian intzidentzia gradu batzuk kendu izana.
Garaipen bikoitz honekin RedBullek azken asteotan etxeko lanak behar bezala egin dituela erakutsi du; bila zebiltzan erreakzioa lortu dutela argi dago. RedBullek akzioaren parte izaten jarraitzen du, eta beraien erreakzionatzeko gaitasuna bistan geratu da. Edozein kasutan, ez dut uste RedBullen nagusitasuna datozen lasterketatan horren nabarmena izango denik.
Asteburuko aipamen berezia Schumi-rentzat doa. Etxeko egongelan bezala sentitzen da Span. Bertan gidatu zuen lehen aldiz 1 Formulako lasterketa batean duela hogei urte. Urte bat beranduago bere lehen garaipena lortu zuen agertoki berean. Konexio berezia daka Schumik zirkuitu honekin; historiako orrialde garrantzitsu batzuk idatzi ditu bertan. 1994an garaipena lortu zuen baina deskalifikatu egin zuten autoan zoru ilegal bat erabiltzeagatik. 1995ean P16 postutik hasita garaipena lortu zuen. 2004an bere zazpigarren munduko txapelketa bertan irabazi zuen.
Oraindik berak daka Spako errekorra, sei garaipenekin. Atzo berriro erakutsi zuen oraindik azkarra dela eta gauza garrantzitsuak lor ditzakeela, azken postutik bosgarrenera iritsiz. Non bukatuko zuen bosgarren postutik hasi izan balitz? Duda barik historiako gidari handienetako bat da eta aurten jaso dituen kritikak lekuz kanpo daudela iruditzen zait.