GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola | Informatika ingeniaria

«Ahanzturarako eskubidea» Interneten

Internetek informazio asko modu erraz eta azkarrean jasotzeko aukera ematen du. Hala ere, informazio hori denbora luzez horren erraz eskuragarri izateak, «ahanzturarako eskubidea» bermatuko duen lege baten beharra sortu du, gure izen-deiturei lotutako informazio ugaria -normalean gure baimenik gabe- edonork eskuratu ahal izateak gure pribatutasuna kaltetzen baitu. Iratxe Esnaolak Europako Batzordeak aurten onartuko omen duen lege horren aldeko argudioak, baina baita zalantzak ere, dakartza gaurko honetara.

Iraganeko informazioa Internetetik ezabatzeko aukera gero eta erabiltzaile gehiagok exijitzen duten eskubidea da. Hori da «ahanzturarako eskubidea»: erabiltzailearen/pertsonaren pribatutasuna urratzen duten datu pertsonalak saretik kendu ahal izatea. Izan lasterketa batean lortu genuen postua erakusten duen zerrenda, multa bat jarri zigutelako baieztapena buletin ofizial batean, prozesu judizial batean parte hartu izana gogorarazten duen egunkariko albistea edota sare sozial batean guk edo beste erabiltzaile batzuk igo duten edozein datu, argazki edo eduki. Interneten gure izen-abizenei lotutako informazio asko dago, beharbada, eta ziur aski, informazio hori hor egoteko baimenik inoiz eskatu ez digutenean.

Lehen ere «ahanzturarako eskubidea» defendatzen zen, baina Internetek informazioa modu masibo, sinple eta azkarrean banatzea ahalbidetu du, eta, informazioa inoiz baino eskuragarriago izatearen eta denbora luzez sarean mantentzearen ondorioz, «ahanzturarako eskubidea» defendatuko duen legea idazteko beharra ere sortu da (Europan urte honetan bertan onartzea espero da). Gai serio bezain delikatua da: pertsona baten iraganeko pasarte bati erreferentzia egiten dion informazioa ezabatzeko aukeraz baitihardu, hain zuzen, gaur egungo edo etorkizuneko pertsona horren bizitzan eragin kaltegarria izan dezakeelako. Hau da, iragan hori pertsona horren historiaren parte da, noski, baina Internetekin iragan hori edozeinentzat eskuragarri egon daiteke (bere izen-abizenak idazte hutsarekin kasu gehienetan). Horrelako egoera baten aurrean gure datuak ezabatzeko eskubideari deitzen zaio «ahanzturarako eskubidea», eta, batez ere, bilatzaile eta sare sozialei lotutako auzia da, bide batez, Google eta Facebook eskubide hori lege baten bitartez defendatzearen aurka agertu direlarik.

Ez da kasualitatea bilatzaileei eta sare sozialei hertsiki lotutako eskubidea izatea eta are gutxiago hauek legearen kontra jartzea. Bilatzaileak eta sare sozialak baitira, bakoitza bere helburuekin, gure pribatutasunean eragin kaltegarria izan dezaketen on line zerbitzu nagusi eta erabilienak. Ez da kasualitatea, ez. Ustez doakoak zaizkigun zerbitzuak diren bilatzaile eta sare sozialek, dirutan neurtzen ez den prezio edo kostu bat baitute: gure pribatutasuna. Horri esker bizi dira, nahiz eta bakoitzak informazio mota jakin bat jaso eta helburu ezberdinak izan.

Google bilatzaileak beste web atarietan dauden edukiak indexatzen ditu. Hau da, bilaketa bat egiten du eta bere irizpideen arabera emaitza erakusten digu. Horren truk, gutxienez, egiten ditugun bilaketa guztien aztarna jarraituko du, horrekin gure profil bat eratzeko. Baina, hori horrela izanik ere, bilatzaileak dira informaziora iristeko bide erabiliena eta, horien artean, Google dago lehen postuan.

Bilaketen emaitzetan erakutsitako informazioagatik, Googlek arazo bat baino gehiago izan ditu Espainiar Estatuko Datuak Babesteko Bulegoarekin (DBB, hemendik aurrera). Adibide argi bat Estatuaren Buletin Ofiziala da. Legez, buletin hori Interneten publikatu egin behar da eta eskuragarri egon behar du. Baina, era berean, Googlek barruko edukia indexatzen du eta informazio pertsonal delikatua erakusten du emaitzetan (kasu batzuetan, Google gabe, buletinaren sareko bilatzaile propioan bertan bilatuz lortuko ez genukeen informaziora helduz). Hortaz, pertsona baten edo askoren pribatutasuna jokoan jartzen da buletina Internetera igotzen den bakoitzean, baina, era berean, buletina sarean argitaratu egin behar dela dio DBBk. Horrexegatik, DBBk Googlei lotura horiek emaitzetan ez erakusteko eskatu dio, baina Googlek loturak kentzea zentsuratzat ulertzen du eta edukiak, kentzekotan, jatorrizko web atarietatik kendu behar direla dio, berak, bilatzaile gisa, indexatu bakarrik egiten duelako (egia da web atari batek teknikoki bilatzailearen indexazioa ekidin dezakeela). Kasua edo jardunbidea argitzeke dago.

Facebooken kasua ezberdina da, hasteko Facebookek berak gordetzen dituelako erabiltzaileen datuak Googlek indexatu egiten dituenean. Eta gure kontuak ezabatu eta gero ere gorde egiten ditu. Eta ezabatu gabe ere, noski, orain jartzen den edukia denboran bertan geratzen da, gaztetxoen kasuan, batez ere, etorkizunean izan dezakeen eraginarekin (orain igo duten edukia hemendik bost urtera hor egotea nahi al dute?). Sare sozialen gaineko kezka izan da, frantziar Estatua partikularki eta Europako Batzordea bere osotasunean, «ahanzturarako eskubidea» legez defendatzeko helburuarekin lanean hasteko arrazoi nagusia. Arestian aipatu bezala, Europako Batzordearen legea urte honetan onartzea espero da eta bi puntu nagusi ditu: lehena, sare sozialeko kontua ezabatzearekin batera, sare sozialaren enpresa eduki guztiak ezabatzera behartzea; eta, bigarrena, «pribatutasun lehenetsia» deitu zaiona, hau da, erabiltzaileen datuak beste gauza batzuetarako erabili ezin izatea, erabiltzaileak baimen espezifikoa ematen ez duen bitartean. Lege hau Europako eta kanpoko enpresei aplikatuko zaie, betiere Europar Batasuneko biztanleen datuak gordetzen, kudeatzen edota erabiltzen badituzte.

Facebook, nola ez, legearen aurka agertu da. Arazoa kasu zehatz batzuetatik eratorri dela dio eta horiek konpontzeko lege orokor bat sortzea akats bat dela gaineratzen du. Are gehiago, bere ustez, erabiltzaileen benetako nahia euren datu pertsonalak eta argazkiak sarean mantentzea dela dio eta Facebooken lehentasuna erabiltzaileen pribatutasuna defendatzea dela. Zertan geratzen gara?

Gai delikatua da ahanzturarena, bai. Guillermo Borda abokatuak dioen gisan, «pertsona bakoitzak bere biografia propio eta librea eraikitzeko eskubidea du, kanpo injerentziarik gabe». Baina egia da ere, beharbada, idazketa asmatzearekin «ahanzturarako eskubidea» desagertu egin zela, eta Internetek zerbaiten edo norbaiten inguruko informazioa bilatzea erraztu duela, ez besterik.

Hori da ordaintzen dugun prezioa: Internetek informazio eskuragarri jartzen du, baina eskuragarritasun hori ez dugu beti maite. Doako bilatzaile eta sare sozial zerbitzuek, berriz, badute ezkutuko kostu bat: gure pribatutasuna. Eta hobe litzateke legerik behar ez izatea, eta zerbitzu horiek eskaintzen dituzten enpresen politika propioa izatea «ahanzturarako eskubidea» bermatuko lukeena. Baina zerbitzu horien etika egoera horretatik urrun dago, eta, hortaz, legea sortu behar bada, erabiltzaileen eskubideen defentsan aurrera egiteko izan dadila.

Edozein kasutan, eta batez ere sare sozialen kasuan, erabiltzailea bera da (edo beste erabiltzaile bat) edukiak igotzen dituena; hortaz, argitaratze horren lehen arduraduna ere bera da. Internet sare publikoa da, nahiz eta «pribatutasuna» kontzeptua hainbeste entzutearekin, lehen baino pribatuagoa dela pentsatu. Neurtu, hortaz, informazio igoerak, eta zaindu nora igotzen diren. Eta guztiaren gainetik: estimatu, aintzat hartu eta baloratu pribatutasuna. Kontrara, «ahanzturarako eskubidea» eskatzea lekuz kanpo dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo