GARA > Idatzia > Euskal Herria

Askatasunak elkarretaratzea deitu du Gilen Goitiren aurkako epaiketa salatzeko

p016_f01.jpg

A. B. |

«Errepresioa, probokazioak, atxiloketak, presoen erabilera politikoa eta gatazkaren konponbidean bi estatuen inplikazio eza» ez dituela onartzen nabarmendu eta datorren irailaren 6rako, Baionan, Gilen Goiti gaztearen aurkako epaiketaren karietara elkarretaratzea deitu zuen atzo Askatasunak.

Gilen Goiti uztailaren 31n Baionako jaietan izandako elkarretaratze batean atxilotu zuten adingabeko gazte batekin batera. Azken hori aske geratu zen eta ondoko asteotan adingabekoentzako epailearen aitzinean agertu beharko du. Goiti, aldiz, polizia etxean atxiki zuten, eta, askatu bezain laster, kontrol judizialpean geratu zen. Datorren irailaren 6an polizia bat kolpatzea leporatzen diotelako epaituko dute. Horren karietara, «militanteen aurkako jazarpena eta Euskal Herrian abian den prozesuak bi estatuen aldetik erantzunik jaso ez» duela salatzeko elkarretaratzea eginen da epaitegian bertan, 13.30ean.

Bigarren atxiloketa

Gilen Goiti 2009an izandako polizia operazio batean atxilotu zuten lehen aldiz. Orotara hamabi lagun atxilotu zituzten, horietarik lau kartzelaratu zituztelarik. Operazio horren ondorioz, hiru urteko espetxe zigorra jaso zuten Xan Beyrie eta Gilen Goiti gazteek iragan ekainean, horietatik bi urte etenik geratu zirelarik. Aldiz, Baionan izandako istiluen ondorioz, bi urteko zigor hori bete beharrean izan daiteke orain gazte angeluarra.

Askatasunak Baionako jaietan gertatutakoa errepresio egoera orokor batean kokatu zuen. Gogoratu zuenez, Donibane Lohizuneko elkarretaratze batean Maite Etxeberri eta Danielle Goñi kolpatu eta zauritu zituzten, Xabier Tubal Abrisketa Pariseko Garaipen Arkutik erori zen Poliziaren esku hartzearen ondorioz, eta Txomin Urruty eta Txomin Catalogne Pauen atxilotu zituzten euroaginduaren aurkako elkarretaratze batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo