Pello ZABALA | Eguraldian aditua
Bi ordu gutxiago
Abuztuak bereak eman ditu. «San Bartolome ezkero, mendi txikiak itzal haundia». Eguzkia jaisten doa, bai. Eguna laburtzen gainera: minutuka doa goizetik, 59 minutu atzeratu du gaur egun-argiarekin; arratsetik, ordubete eta bi minutu goizago gaurkoan. Gainbeherako martxa darama, bai, irailaren 20 aldera, gau-egunak 12na ordutan ibiliko direlarik. Naturak ere antzematen dio, hostaje eta beste, margo anitzetan jantzi aldaketak bidean para zaizkigularik. Tximeleta eta matxinsalto, euli eta eulixka ere beheraka. Ederki zioen beste hark: «San Bartolometatik aurrera, euliak buruz behera».
Baina, elbiak elbi (hala kontsolatzen gara amezketarrok), asteleheneko eguraldiak utzi nau kezkatuta. 21eko ilbeherak pulamentu eskaseko euri zirrintak ekarri bazituen ere, 25eko ostegunetik aurrera, 9 eta 10 ordutako eguzki gozoko tenplez, asteburu aparta eskaini zigun gozagai joan den astean: mendi gozatu ederrik hartutakoa franko bazen bazterretan. Igande hark astelehen antzerakoa omen zekarren, goizaldeko laino sastar batzuen gorabeheran. Baita zera ere! Abuztu osoan bi egun izan ditugu eguzkia ikusi gabeak hemen: joan den astelehen hauxe bigarrena. Eta, hara: goizaldean, erlojuen arabera 05.05ak genituenean, hortxe sartu ginen ilberritxoan gora. «Husturik nagoela eta ez nauzuela ikusiko? Ezta eguzkia ere, ez duzue gaur ikusiko»... Biharamunean bai, egun dotorea: 11 ordu pasatxo eguzki mendiotan...
Sorgintxiki horrek, bere eskola baitu, noiztik behin, saltsa tartekatzea: uztailak bi ilberri ekarri zizkigun: 1ean eta San Inazio bezperan; halaxe lardaskatuta utzi zigun hilabetea. Ez dakit nondik, baina traza harturik nengoen San Migel inguruko ilberriak atentzioa zuela gure baserritarren artean, eta, aurten, hortxe dugu hurrengo ilberri-txikia, 27 eguerdian, hain juxtu ere. Pasa den astelehenean taxu horretan eguna okertzeak, zer prestatuko ote digu 27rako? Ni inguru hauetako baserritarren esanarekin akordatu naiz: «San Migel ilberriko elurre, neguko ta maiatzerainoko elurre». Hala balitz, Gabonetan elurra? Adi, gero, San Migel bezperan!