GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

EAJren emendakina atzera, inor harritu gabe

Madrilgo Kongresuaren Mahaiak atzo EAJk aurkeztu zuen autodeterminazio eskubideari buruzko emendakina atzera bota izana ez da ezustekoa izan, ezta EAJrentzat berarentzat ere. Izan ere, PSOE eta PPko zuzendaritzek bideratu duten akordioa Konstituzio espainolaren artikulu zehatz bati dagokio, eta EAJk ondo baino hobeto zekien zer gertatuko zen. Gogorarazi beharra dago, bestalde, Alemaniak eta Estatu frantsesak konstituzioetan defizit publikoaren muga jasotzeko «gomendioa» egin zutenerako, ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak azaroaren 20ko hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko proposamena egina zietela EAJri eta Aralarri. EAJko buruzagiek -proposamenaren egileekin datorren astean bilduko badira ere- hasieratik baztertu zuten Madrilera herri gisa joateko aukera, baina PSOEk eta PPk Konstituzioa aldatzea hitzartu izana, aldaketak autodeterminazio eskubidea ere jaso dezan eskatuta, euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen defendatzaile nagusi gisa agertzeko aukera ematen ziela iruditu zitzaien jeltzaleei. Atzo, Kongresuaren Mahaiak ez zuen emendakina bideratu eta EAJren keinu hori herritarren gogoan geratuko da beharbada. Hala ere, alderdi jeltzaleak argi utzi zuen keinu horren irismena bere emendakinaren edukia jakinarazi zuenean: ekimena ez zen independentziaranzko urratsa; aitzitik, Estatuarekiko «harreman solidario eta harmonikoa» prestatzea zuen helburu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo