Sabelak gozatzeko moduko Artzain Eguna ospatuko da igandean Legazpin
Ana ABARIZKETA |
Azken momentuko prestatze lanetan dihardute jada Legazpin, Artzain Eguna ospatuko baita bertan igandean. Gipuzkoako artzainentzat egun handia izaten dela dio Erreizabal baserriko Juan Joxe Arangurenek, izan ere, «urtean zehar elkar ikusten ez dugun artzainak elkartzen gara goiz-goizetik, denok batera gosaldu eta gero feria ikustera elkarrekin joateko».
Aranguren ez zen bakarrik izan atzo Donostian Foru Aldundiaren egoitzan eskainitako prentsaurrekoan. Artzain Egunaren aurkezpenean Makatza baserriko Pedro Gabiria artzaina, Koldo Lizarralde Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendaria eta Aitor Uribetxeberria Legazpiko Udaleko Nekazaritza zinegotzia ere izan ziren.
Artzaintzaren festa ospatuko da igandean Legazpin, eta, hala, ardia izango da jaiaren ardatza. Azken urteotako bidetik osatu dute egitaraua aurtengoan ere. Horrenbestez, besteak beste, gazta postuak, 27. Ardi Gazta Lehiaketa, gazta dastatze popularra, lehengo eta oraingo gaztagintzaren inguruko erakusketa, gaztetxoen gazta lehiaketa, ardi mozketa erakusketa edo ardi okel banaketa izango dira igandean. Herri bazkaria ere izango da, eta postrean, noski, Idiazabal gaztarekin egindako tarta dastatu ahal izango da.
Lehengo eta oraingo artzaintza ere izan zuten hizpide atzoko aurkezpenean. Lehen sektoreak egun bizi duen krisia ere aipatu zuten, Gabiriak, hala ere, sektorea ondo ezagututa, artzaintzak aurrera egingo duela ziurtatu zuen, inguruan ikusten duenaren arabera, «jende gaztea lanerako gogoz» baitago.
300 litro esne ardiko
Duela mende laurden pasa, ELE ardi latxa arrazako ardien elkartea sortu berritan, ardiek bost hilabetetan 65 litro esne ekoizten zituztela azaldu zuen Arangurenek. «Orain, 27 urte pasa ostean, 300 litro ekoizten ditugu bataz beste; ikusi besterik ez dago ardi latxak zer aldaketa izan duen». Igandean bertan, aurten 670 litro eman dituen ardi latxa mutur beltza ikusteko aukera izango dela azaldu zuen artzainak.
Omenaldiei ere tartetxo bat eskainiko zaie igande honetan Legazpin. Hala, Urola Garaiko lau artzain, Ameriketan artzaintzan aritutako lau euskaldun eta Eduardo Urarte omenduko dituzte bizitza osoa artzaintzari eskaini izanagatik.