Markel IRIZAR | Radioshack taldeko txirrindularia
Txurrukadak
Bazen behin txirrindulari bat, izugarrizko motor handia zuena, xasis arin eta txiki batean sartua. Markina aldeko motorzale «txoro» onek bezala, orratza zenbat eta gorago igo eta motorra zenbat eta estuago eraman, orduan eta gehiago gozatzen zuen. Kontua da sekula plater bat apurtu ez zuela zirudien aurpegia zuen mutilak, behin odola berotzen hasten zitzaionean, zelaren puntan jarri, eskuak maneten gainean kokatu eta ume aurpegia «gaizto» aurpegira aldatuta, nahi adina egur emanez erakusten zuela bere izaera, lasterketaren egoera dena delakoa izanda.
Sarritan, emaitza ahaztuta, iheskide kopurua edota bukaerarako zenbat geratzen zen kontuan hartu gabe, buruak egurra emateko, estutzeko eskatzen zion, eta, horrenbestez, bere burua ihesaldian ikusi arte ez zuen amore ematen. Atzo, aurrez aipaturiko mutilak, berriz ere, ihesaldia egina zela, hiru minutu atzetik ginela, beste bi lagunekin erasora jo eta iheslariak harrapatu zituen. Bere saltsan, egur batean, berriz ere borrokan sartu zen. Berak dioenez, odol hotz gehiegirekin jokatu zuen, eta etapako garaipenak horregatik egin zion ihes. Hurrengoan, bere kontzientziari eta zenari kasu egin eta erasora azpi-azpitik ekingo diola dio.
Horregatik, hemendik aurrera, telebista jarri eta nire zutabekidea eguneko ihesaldian ikusten baduzue, seinale Txurrukadaren bat egin eta pelotoia hankaz gora jarri duela! Ezak amore eman mutil, garaipena gertu daukak eta!!