Mexikoko zinemari buruzko ziklo bat izango da Zinemaldian
Aurtengo Zinemaldian, Mapfre fundazioak antolatutako «4+1» jaialdiaren eskutik, Mexikoko zinema garaikideari buruzko ziklo bat eskainiko da Donostiako Principe zinemetan. Banaketarik izan ez duten pelikulak izango dira ikusgai; horietako asko jaialdietan saritutakoak dira.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Aurtengo Donostiako Zinemaldiak berrikuntza anitz ekarriko ditu. Aurreko egunetan aurkeztutakoen ostean, Mexikoko zinema garaikideari eskainitako ziklo bat aurkeztu zuen atzo Zinemaldiko zuzendariak, Jose Luis Rebordinosek. Ziklo hau Mapfre fundazioaren «4+1» jaialdiarekin batera programatutako da, eta, bertan, banaketa komertzialik izan ez duten lanak emango dituzte.
Rebordinosek azaldu zuenez, «ikusezina ikusgai bihurtzea» da Mapfre fundazioaren helburu nagusia. Hau da, zinema aretoetara iristen ez diren filmak ikusleei gerturatzea; horretarako, mundu osoko zinema jaialdietatik berreskuratzen dituzte lanok.
Guztira bederatzi pelikula eskainiko dituzte, horietako batzuk Zinemaldiaren aurreko edizioetan Donostian bertan izandakoak; hala nola, iaz Horizontes Latinos saria irabazi zuen Diego Lunaren «Abel», 2008ko Zabaltegi-Perlak sailean izan zen Fernando Eimbckeren «Lake Tahoe» edota Horizontes Latinos sailean parte hartutako Yulene Olaizolaren «Intimidades de Shakespeare y Victor Hugo».
Gainontzeko filmen artean, Pedro Gonzales-Rubioren «Alamar» topa daiteke, Miamiko, Moreliako, Totterdameko eta Estatu frantseseko Tolosako zinema jaialdietan saritutako lana. Dokumentalaren eta fikzioaren arteko lan honetan, Mexikoko kostaldean bizi den jatorri maiako gizon bat emakume italiar batekin izan zuen semearekin elkartuko da berriz ere.
«El lugar más pequeño», berriz, Tatiana Huezo zuzendariaren lehen lana da. Dokumental honek El Salvadorreko herrixka bateko bizimodua deskribatzen du. Huezo bera Donostian izango da dokumentala aurkezteko.
Programatutako beste filmetako bat Mexikoko Iraultzaren mendeurrena ospatzeko egindako «Revolución» da. Lan honetan Diego Luna, Gael Garcia Bernal, Carlos Reygadas, Fernando Eimbcke, Rodrigo Garcia, Amat Escalante, Gerardo Naranjo eta Rodrigo Plak hartu dute parte besteak beste. Filmak Mexikoko Iraultza izan zenaren eta gaur egun denaren inguruko hamar ikuspegi ezberdin eskaintzen ditu. Garcia eta Naranjo Donostian izango dira filma aurkezten.
Beste alde batetik, Mapfre fundazioak «Zinema-estudio txikia» izeneko 120 metro karratuko haurrentzako pabilioi bat eraikiko du Okendo plazan irailaren 12tik 24ra bitartean. Bertan, haurrak zinema mundura gerturatzeko hainbat jarduera proposatuko dituzte; besteak beste, gidoiekin ohitu eta dibertitzeko ekintzak izango dituzte, zinemagintzaren inguruko informazioa jasoko dute, efektu bereziak edo bikoizketa ezagutuko dituzte, eta animazioa, joko optikoak eta makillajea gertutik ezagutzeko aukera izango dute.