Xabier Lete omenduko dute poeta, musikari eta bertsolariek bere heriotzaren lehen urteurrenean
Zazpi herri eta hiriburu bisitatuko dituen bira batean zehar, Bernardo Atxaga, Eñaut Elorrieta edota Arantxa Irazusta bezalako artistek Xabier Lete musikari eta poeta omenduko dute bere abestiak interpretatuz.
GARA | BILBO
Musikariek, poetek eta bertsolariek bat egingo dute Xabier Lete zenaren omenezko bira batean, artista oiartzuarraren heriotzaren lehenengo urteurrenean. Hondarribia, Iruñea, Baiona, Bilbo, Urnieta, Gasteiz eta Donostia bisitatuko ditu emanaldi sortak, Leteren lana aldarrikatzeko. Parte-hartzaileetako askok Leterekin batera jardun zuten musika nahiz literatura alorrean.
Birak azken hamarkadetako euskal kantautorerik garrantzitsuenetako baten lana gogoratzeko aukera eskainiko du, eta emanaldi guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko.
Besteak beste, Bernardo Atxaga, Mikel Urdangarin, Paco Ibañez, Txomin Artola, Amaia Zubiria, Xabier Euzkitze, Pier Paul Berzaitz, Karlos Gimenez, Joxan Goikoetxea, Xanet Arozena, Luis Fernandez, Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi taldeko kantaria), Antton Valverde, Erramun Martikorena, Arantxa Irazusta, Anjel Duhalde, Petti, Hodei Etxarte, Amets Arzallus, Unai Ituarriaga eta Igor Elortzak parte hartuko dute saioetan, «Xalbadorren heriotzean» edo «Herri zahar hontan» bezalako kanta ezagunen bertsioak eskainiz.
Xabier Lete 2010eko abenduaren 4an hil zen. Literatura nahiz musika alorrean ekarpen aparta egin zion euskal kultura herrikoiari, kantak konposatzeaz gain beste egile batzuen poemak eta bertsoak zabaltzen lagundu baitzuen musikaren bitartez, Txirrita edo Lizardirenak kasu.
1965ean, 21 urte besterik ez zituela, Ez Dok Amairu taldearen sorreran parte hartu zuen Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Jose Anton Artze, Jose Angel Irigaray eta Lourdes Iriondorekin batera. Taldea desagertu ondoren, bakarka edo Antton Valverderekin batera kantatzen jarraitu zuen. Diskoak grabatzeaz gain, poema bilduma zabala landu zuen, eta horri esker, euskarazko poesiaren Kritikaren Saria eta Euskadiko Literatura Saria eskuratu zituen.
Kontzertuen bira Hondarribiko Bentako karpan hasiko da, larunbatean, hilaren 3an, eta ondoren, Iruñeko Gaiarre antzokia (hilak 23), Baionako Udal Antzokia (hilak 24), Bilboko Euskalduna jauregia (urriak 8), Urnietako kiroldegia (urriak 11), Gasteizko Principal antzokia (abenduak 2) eta Donostiako Kursaala (abenduak 4) bisitatuko ditu.
Bernardo Atxagak, Mikel Urdangarinek, Paco Ibañezek, Txomin Artolak, Antton Valverdek edota Erramun Martikorenak hartuko dute parte Xabier Lete omentzeko bira honetan.