«Soinu txikia munduan» izango da trikitiari buruzko aurtengo jardunaldien gaia
M. L. | DONOSTIA
Trikitiari buruzko aurtengo jardunaldiak hilaren 5ean eta 8an egingo dira Donostian, Euskal Jaien baitan. Aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da eta “Soinu txikiak munduan” gaia landuko dute.
Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kide Iker Goenagak azaldu zuenez, jardunaldi hauek gai ezberdinak jorratu izan dituzte urteetan zehar, «betiere gogoeta, eztabaida eta informazioa biltzea» helburu izanik. Aurten, hitzaldi baten eta saio praktiko baten bidez landuko da “Soinu txikiak munduan” gaia, instrumentu hau «modernoa» eta «tokian tokiko kulturara egokitu» dena baita.
Hilaren 5ean Carlos Belda trikitilari katalanak “Soinu ttikiketa” izeneko hitzaldia eskainiko du Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, 19.30etik aurrera. Bertan informazio orokorra emango du lehenik; non, nola eta noiz sortu zen trikitia. Jarraian, bere gogoetak azalduko ditu Beldak.
Hilaren 8an, toki berdinean eta berriz ere 19.30etik aurrera, Imuntzo eta Beloki trikitilari bikoteak saio praktikoa eskainiko du. Beren diskoetan eta emanaldietan, herri-musikaz gain, beste erritmo batzuk ere landu izan dituzte Imuntzo eta Belokik; hala, hori ardatz hartuta, trikitiarekin jo daitezkeen musiken «laburdura praktikoa» egingo dute.