GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lakuak ez duela hezkuntzan murrizketarik egingo esan du Celaak ikasturte hasieran

Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak ikasturte berria ireki zuen atzo Bergaran. Eskola publikoko matrikulazioa datuak, hirueletasun plana, «Eskola 2.0» egitasmoa eta Bizikidetza Demokratikorako Plana nabarmendu ditu.

p013_f02.jpg

Ana ABARIZKETA | BERGARA

Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak Bergarako San Martin Agirre eskola publikoan eman zion atzo hasiera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2011-2012 ikasturte berriari. Bertan azaldu zuenez, murrizketarik ez da izango ikasturte honetan, bere esanetan, gainera, Lakuako Gobernua «krisi gogor honen aurrean esfortzu ikaragarria» egiten ari da hori ahalbideratzeko.

Prentsaren aurrera Julen Bengoetxea Hezkuntzako Gipuzkoako lurralde ordezkariaren, Marian Ozcariz Hezkuntza sailburuordearen eta Marisol Estebanen Administrazio eta Zerbitzu kontseilariordearen babesean azaldu zen Celaa. Ikasturte berriko datuak eman zituen Hezkuntza sailburuak, eta, nabarmendu zuenez, 349.590 ikasle izango dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan -unibertsitateko ikasleak kontuan hartu gabe-. Horrenbestez, aurreko ikasturtearekin alderatuta, %2,5 egin du gora ikasle kopuruak. Bigarren urtez jarraian, sare publikoak itundutako zentroek baino ikasle gehiago bilduko ditu, %50,7 eta %49,3 hurrenez hurren.

Irakasleen lanpostuei dagokionez, Lakuak egonkortasuna bultzatzeko «apustu garbia» egin duela iritzi zion Celaak. Ildo horretan, kontuan izan behar da hezkuntza publikoa jopuntuan dagoela azkenaldian, izan ere, espainiar Estatuan, Madrilen, Extremaduran edo Galizian kasu, istiluak izan dira irakasleei ezarritako ordu igoerak zein irakasleen kaleratzeak direla eta.

Nafarroan ere sua piztuta dago irakasleen artean. Izan ere, Foru Gobernuak murrizketak ezarri zituen aurreko ikasturte amaieran, eta ikasturte hasiera honetan ere pil-pilean jarraitzen du auziak.

Hirueletasun plana aurrera

Hezkuntza sailburuak bere bi apustu nagusienetakoak ere izan zituen hizpide: hirueletasun plana eta «Eskola 2.0» egitasmoa. Azaldu zuenez, ikasturte honetan 118 zentrotako 7.324 ikaslek hartuko dute parte hirueletasun planean; hau da, aurreko ikasturtean baino 3.867 ikasle gehiagok. «Eskola 2.0» proiektua, berriz, iraila eta urria artean ezarriko da; hala, 20.000 ordenagailu jarriko dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen kurtsoan.

Amaitzeko, atzo hasitakoa «itxaropenaren ikasturtea» izango dela iritzi zion Celaak, bere ustez «terrorismoaren amaiera» iritsiko baita. Bide horretan, hezkuntzak «memoriaren kutxa» izan behar duela eta ikasleak «biktimekiko enpatian» hezi behar direla esan zuen. «Biktimak gelatan izan edo ez» Bizikidetza Demokratikorako Planak aurrera egingo duela ere aurreratu zuen.

IKASLE GEHIAGO

Araba da ikasle igoera handiena izan duen lurraldea, %3,3ko hazkundearekin. Gipuzkoan %2,7koa izan da igoera, eta, Bizkaian, azkenik, %2,1ekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo