Top 14
Lehen jardunaldiko hutsa konpondu behar du Biarritzek
Avironek izandako hasiera bikainari jarraipena eman nahi dio Bordelen.
Jon LEUNDA
Biarritzek ezin du berriro ere hutsik egin. Hasiera negargarria izan zuen, eta gaur bere zaleen aurrean garaipena lortu behar du, urduritasunak behar baino lehenago agertu ez daitezen. 14.15etik aurrera Agen hartuko du. Bi taldeek hasiera ezberdina izan dute, izan ere, lapurtarrek galdu zuten bitartean, Agenek Briveren zelaian irabazi zuen.
Munduko Txapelketa dela-eta, zuri-gorriak bajekin dabiltza, baina denboraldia hasterako bazekiten hori gertatuko zela, eta horrek ez du aitzakia bezala balio. Gaur galtzea kolpe ikaragarria izango litzateke.
Avironek bestelako hasiera izan du, talde txapelduna, Stade Toulosaien, hartu baitzuen mendean. Gaur Bordelen jokatuko du 20.45etik aurrera. Akitaniako taldeak, gainera, lehen jardunaldian astindu handia hartu zuen Stade Françaisen zelaian (41-20). Bordele beti izan da talde garrantzitsua, baina, aldiz, azken urteetan beheko mailetan ibili da. Orain berriro ere burua altxatu nahi du, baina indarrez gainezka datorren taldea izango du gaur aurrez aurre.
Zuri-urdinei Top 14an kanpoan irabaztea asko kostatu zitzaien pasa den urtera bitarte, baina iaz erakutsi zuten edozeini, eta edonon, irabazteko gai direla. Gainera, gaur pasa den asteko garaipen handiari jarraipena ematea sekulako bultzada izango litzateke Avironentzat, aurtengo helburu nagusia sei onenen artean amaitzea baita.