GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-zulatzea

Burdin Gazteak eta Errekatxok Euskal Herriko Liga izango dute gaur jokoan


J.L.

Burdin Gazteak taldeak eskura dauka Euskal Herriko Liga. Bi punturen aldea kentzen dio Errekatxori, eta dena gaur erabakiko da, 19.30etik aurrera Trapagarango plazan jokatuko baita azkeneko jardunaldia.

Badirudi bi punturen alde hori handia izan daitekeela, baina ezusteak ere izaten dira. Aurkarien aurretik geratuz gero, txapela ziurtatuta izango du Ortuellako taldeak; postu bat atzerago geratuta ere, beretzat izango da txapelketa. Bi postu atzerago geratuz gero, aldiz, puntuetan berdinduta gertuko lirateke bi taldeak, eta, hala, egindako zuloek erabakiko lukete irabazlea.

Txapelaren lehian ibiliko diren bi taldeekin batera, Kabiezes, Las Karreras, Aldai Alde eta KZ Kolpeka arituko dira. Horietakoren batek zeresana izan dezake amaieran bi handien tartean sartzea lortzen badu.

Lokotxak

Berriozarren, aldiz, Ilargi parkean jokatuko da gaur Nafarroako Lokotx Biltze Txapelketa, 18.30ean. Bertan, honako hauek arituko dira: Etxegarai, Lasaga, Goldarazena, Ekisoain eta Iantzi. Kirolari bakoitzak 50 lokotx batu beharko ditu, eta horiek batzen denborarik gutxien pasatzen duenak irabaziko du. Etxegarai da faboritoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo