GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora I Bigarren Maila

Lehen Mailara igo nahi duenak Zestoan eman beharko du estreinako urratsa

p044_f02_98x96.jpg

J.L.

Datorren urtean Euskal Herriko Lehen Mailan egon nahi dutenek, lehen urratsa eman behar dute bihar Zestoan jokatuko den Bigarren Mailako kanporaketan. 19.00etan hasiko da ekinaldia Foruen enparantzan

Telletxea, Mugertza I.a, Mugertza II.a, Mugertza III.a, Elorriaga, Otaño, Zaldua, Rekondo, Kañamares, X. Mindegia, Olano eta Erasun izango dira lehian arituko diren aizkolariak. Bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu. Amaieran sei onenen artean amaitzen duten aizkolariek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Maila galdu, berriz, azkeneko biek egiten dute, baina Zubiagak uko egin dio parte hartzeari, eta, arabarrak maila galdu egingo duenez, azken sailkatua bakarrik jaitsiko da Hirugarren Mailara. Hala ere, azken orduan, arazo pertsonalak medio, Ugarteburuk ere ez du parte hartuko, eta ikusi beharko da mailari eutsiko dion edo jaitsi egiten duten.

Finalera sartzeko faboritoak aipatzerakoan, bi izen dira besteen gainetik agertzen direnak: Unai Otaño eta Jon Rekondo. Biek dakite maila nagusian egotea zer den, eta denek segurutzat jotzen dute sei onenen artean sartuko direla. Mugertza I.a eta Mugertza II.ak ere hor izan beharko lukete, eta hortik atzera gauzak estu eta larri izango dira denentzat.

Borroka ez da finalera sartzeko bakarrik izango, ez jaisteko ere lehia handi samarra ikusten baita. Hala ere, esan bezala, azkena geratzen denak, Ugartebururekin zer gertatzen den zain geratu beharko du.

J.L.

Burdin Gazteak taldeak eskura dauka Euskal Herriko Liga. Bi punturen aldea kentzen dio Errekatxori, eta dena gaur erabakiko da, 19.30etik aurrera Trapagarango plazan jokatuko baita azkeneko jardunaldia.

Badirudi bi punturen alde hori handia izan daitekeela, baina ezusteak ere izaten dira. Aurkarien aurretik geratuz gero, txapela ziurtatuta izango du Ortuellako taldeak; postu bat atzerago geratuta ere, beretzat izango da txapelketa. Bi postu atzerago geratuz gero, aldiz, puntuetan berdinduta gertuko lirateke bi taldeak, eta, hala, egindako zuloek erabakiko lukete irabazlea.

Txapelaren lehian ibiliko diren bi taldeekin batera, Kabiezes, Las Karreras, Aldai Alde eta KZ Kolpeka arituko dira. Horietakoren batek zeresana izan dezake amaieran bi handien tartean sartzea lortzen badu.

Lokotxak

Berriozarren, aldiz, Ilargi parkean jokatuko da gaur Nafarroako Lokotx Biltze Txapelketa, 18.30ean. Bertan, honako hauek arituko dira: Etxegarai, Lasaga, Goldarazena, Ekisoain eta Iantzi. Kirolari bakoitzak 50 lokotx batu beharko ditu, eta horiek batzen denborarik gutxien pasatzen duenak irabaziko du. Etxegarai da faboritoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo