GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Urtzi Urrutikoetxea

Tbilisi-Iruñea

argia

Hamahiru urte nituen, eta Paristik bueltan gentozen oporretan. Gau luzea behar zuena, uste baino laburragoa egin zitzaigun, irratiari adi. Moskun zegoen albistea. Mundua aldatzen ari zen eta Armada Gorriko zenbait militarrek Mikhail Gorbatxoven perestroika eten nahi izan zuten, hura Krimean oporretan zegoela. Boris Ieltsin agertu zen orduan telebistan; egun gutxian Sobietar Batasunarenak egin zuen. Inongo asmo independentistarik erakutsi ez zuten Asia Erdialdeko errepublikek ere, Stalinek egindako mapetan, estatu bihurtuta ikusi zituzten euren buruak.

Hiru errepublika baltikoekin batera, Georgia zen garai hartan Sobietar Batasunetik irten eta estatu independentea eratzeaz argi hitz egiten zuen errepublika bakarra. Zviad Gamsakhurdia zuten buruzagi. (...) Gamsakhurdiak ere, bost urtean bereizteko egitasmoa zeukan buruan, independentziarako trantsizio lasaia egiteko. Moskuko gertaerek behartu zuten batek hondoa jo eta bestea jaiotzera.

Gurean gertatzen ari den aldaketa ez dakit gure Berlingo Harresia, 1991ko Mosku edo 2011ko arabiar udaberria den. Ezker abertzaleak azken urteotaz egindako hausnarketak eta apustuak arrakasta handia ekarri dio orain arte. Eta pentsatzekoa da estrategia horretan Mariano Raxoiren gobernua ere hartuko zela balizko aukera gisa, erabateko gehiengoarekin edo gabe.

Botoak edo hautestontziak esan zieten, eta bigarrena hautatu. Azaroaren 20rako, Bilduko kideek proposamena egin diete Aralarri eta EAJri. Asko litzateke Nafarroan abertzaleak lehen indarra izatea. EAJk arrazoi du esatean horrelako proposamenak ez direla egiazko, aurretiaz hitz egin ezean, baina urduritasuna ere ageri du. Eskuin eta ezker abertzalea, horren antagoniko izanagatik, batu beharko dira egun batean, une baterako. Eta hori lortuta, atzera ere bereizi nor bere herri ereduarekin. Ona litzateke 2013 inguruan horrelakoren baten inguruan biltzea. Baina hondora doan Espainiarekin, Moskuko lezioa ere aintzat hartzea ondo legoke, uste baino lehenago erreka jotako inperioarekiko soka guztiak moztu behar badira ere. Georgiak independentzia aldarrikatu eta planifikatu zuen, baina uste baino lehenago lortutakoan jabetu zen ez zegoela prest oraindik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo