GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Naroa Geresta eta Mikel Luloaga Bai Euskal Herriari ekimeneko koordinatzaileak

Troiako Zaldia eta Espainiako Vuelta

Euskal Herria nazio gisa errespetatu eta bere geroa erabakitzeko eskubidea aitortu eta onartu bitartean, ez dute zereginik hemen

Hautsak harrotu ditu Espainiako Itzulia Euskal Herrira ekartzeko erabakiak. Ez gaitzatela nahasi, ez da inolako kasualitatea azken 17 urteotan Espainiako Itzulia Euskal Herritik pasa ez izana, ezta aurten Euskal Herritik pasarazi nahi izatea ere.

Hainbaten adierazpen penagarriak jasan behar izan baditugu ere, Espainiako Itzulia Euskal Herritik pasatzeko erabakiak ez die kirol irizpideei erantzuten, ezta euskal zaleen eskaerari ere.

Euskal Herrian txirrindularitzak zale multzo zabala du. Horren erakusle dira euskal lurraldean barna antolatzen diren txirrindularitza txapelketa andana. Zeresanik ez Frantziako Itzulia Pirinioetatik igarotzean ikusi ohi den olatu zuri, gorri eta berdea.

Azken urteetan hainbat txirrindularitza proba bertan behera geratu dira, krisiaren izenean egindako laguntzen murrizketen ondorioz. Orain, ordea, Bilboko eta Gasteizko udalek milaka euro ordaindu beharko dituzte Espainiako Itzulia bertan amaitu edo hasteagatik eta ziur gaude Javier Maroto «popularrak» nahiz Iñaki Azkuna jeltzaleak gustu handiz ordainduko dutela behar adina, herritarren diruarekin.

Troiako Zaldia bailitzan datorkigu Espainiako Itzulia Euskal Herrira. Baina kirol proba hau Euskal Herritik igarotzeko arrazoi nagusia Hego Euskal Herria Espainiaren zati dela irudikatzea eta aldarrikatzea da.

Gure nazio izatea ukatzen digutenek ukazio hori berresteko helburuarekin dakarte Vuelta gure herrira. Egunero, albistegiz albistegi gogorarazi nahiko digute Espainiako Itzulia bere erreinuko azaleran zehar doala. Bide horretan, tresna garrantzitsua izango dute ETB, eguraldi mapekin egin duen bezala, zintzo beteko baitu bere egitekoa.

Orain txirrindularitza proba hau Troiako Zaldia bailitzan erabiltzeko ekimen hau estrategia orokorrago baten barruan ulertu behar dugu, asimilazio estrategia horrek adar ezberdinak eta helburu berbera baitu: Euskal instituzioetan espainiar ikurra inposatzea, Nafarroako auzitegietan Euskal Herria terminoaren aurkako ebazpenak, Osakidetzako oposizioetan euskarari egozten dioten papera... adar asko helburu berberarekin: Euskal nazio identitatearen aurkako gurutzada.

Espainiako Itzulia ez da ongi etorria Euskal Herrian! Hori diote hainbat eta hainbat eragile, talde, sindikatu, alderdi eta udalek. Halere, Guardia Zibil edo Ertzaintzak, Vuelta nork gidatuko ote duen eztabaida faltsuari tiraka jarraitzen dute batzuek.

Que se den la vuelta! Euskal Herria nazio gisa errespetatu eta bere geroa erabakitzeko eskubidea aitortu eta onartu bitartean, ez dute zereginik Euskal Herrian. Herri gisa ukatzen gaituztenen aurrean, herri gisa erantzuteko deia luzatzen dizuegu. Txirrindularitza bai! Inposaketarik ez! Euskal Herria nazioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo