GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Euskal Jaiak Donostian

Arkupeetan babesa bilatuz

Euria barra-barra ari du! Eta zer?». Eguraldi eskasaren aurrean umore ona azaldu zuten askok atzo Donostian, Euskal Jaien harira urtero egiten den Sagardo Egunean. Plazari ohi baino gehiago kosta zitzaion jendez betetzea, baina azkenean ia edalontzi guztiak amaitu ziren.

p019_f02.jpg

Oihane LARRETXEA

Esku batek beirazko edalontzi fina eusten zuen bitartean, besteak aterkia sostengatzen zuen. Biak ala biak beraz, ezker-eskuin, lanez lepo ibili ziren. Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala, Donostian ere euria gogotik bota zuen eta eguerdira arte behintzat zeruak ez zuen minutu bakar batean ere atsedenik eman. Kalera irten ahal izateko -busti nahi ez zuenak behintzat-, uniformea jantzi beharra zuen: zira, oinetako sendoak -atzerritarrek sandaliak nahiago izan zituzten- eta aterkia edo txapela, hori bakoitzaren gustuaren arabera. Orduan bai, guztia prest Konstituzio plazan sagardoa dastatzeko.

Ohi bezala, mesfidatienak ezkor agertu ziren goizeko lehen orduetan okindegi bateko ilaran: «Bertan behera geldituko da, seguru!» edo «Ene! Eguraldi honekin sagardoa baino salda bat hobe!» eta halako esamesak ibili baitziren ahoz aho, batetik bestera.

Konstituzio plazan dena prest zegoen, ordea, eta garaiz zabaldu zuten Gipuzkoako sagardogileek euren postua. Orotara 50, beraz, guztietatik edan nahi zuenak ez zuen lan makala aurretik egiteko!

Atzoko egunak uztaileko euri markak berdintzeko asmoa zuela zirudien. Baita ia lortu ere! Bertaratutakoek arkupeetan bilatu zuten babesa lehenik, ezinezkoa baitzen bertatik at egotea. Uniforme egokia jantzi zutenei ere barrua bustitzen hasi zitzaien ordurako. Plazak urez betetako basamortua zirudien: arkupeek ez zuten inor kanpoan utzi. Bertan, umore ona eta jai giroa. «Hutsik egin? Ezta pentsatu ere! Urtero bezala gerturatu gara, baina autoz egin beharrean, trenez etorri gara, aparkatzeko arazoak handiagoak izaten baitira eguraldia eskasa denean», zioen Ainhoa Ganboa andoaindarrak.

Sagardogileak barraren aurrealdetik nahiz atzealdetik jo eta fuego ibili ziren edalontziak bata bestearen atzetik betetzen. Guztiak ados agertu ziren eguzkiak horrelakoetan lagundu egiten duela baieztatzen, baina aldi berean jendearen asmo ona eta ondo pasatzeko gogoa azpimarratu zuten.

«Euria ari duelako etxean geldituko al gara? Hala balitz, ez ginateke sekula irtengo!», zioen umorea galdu gabe Joakin Mitxelenak, Alde Zaharreko bizilagunak. Denak pozik agertzea, ordea, oso zaila da, ia ezinezkoa. Alaitz Etxarrik urteroko zitari huts egin zion atzokoan. «Zaharra egiten ari naizen seinalea ote?», zioen. «Datorren urtean saiatuko naiz».

Irailaren 11ra arte

Azkenerako, zeruak errukia azaldu zuen eta noizean behin zirimiria botatzen zuen. Tanta horiek huskeria ziren bertaratutakoentzat. Arin-arin eta tortilla ogitartekoen artean, hurrengo eguneko eguraldi iragarpenaz ari zen kuadrilla bat. Oskarbi zioen batek, ezetz besteak, eta euria egiten ez zuen bitartean berdin zitzaiola hirugarrenak. «Urgulletik ikusi ohi ditugu estropadak. Bertara goizean goiz igotzen gara, bapo jan eta edan. Noski, apustuak ez dira falta!», zioen Elik.

Sagardo Eguna eta gaurko Kontxako Bandera eskuratzeko lehen estropadak Donostiako Euskal Jaietako bi zita besterik ez dira; izan ere, festak datorren irailaren 11ra arte iraungo du. Bitartean gastronomia, folklorea eta haurrentzako ekintzak izango dira. Besteak beste, bi antzezlan izango dira ikusgai euskaraz: «Ispilua», irailaren 6an eta «Xentimorik gabe», irailaren 7an. Biak ala biak San Telmo Museoko aretoan izango dira, 19.00etan, eta sarrera doakoa da, eserlekuak bete arte.

Haurrentzat, berriz, «Tatxin Tatxan» ikuskizuna eta disko-top festa izango da Zuloaga plazan irailaren 10ean, arratsaldez. Nahi duenak www.donostiakultura.com gunean kontsultatu dezake programazio osoa.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo