GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga Kazetaria

Laino eta ke arteko herrien argia

Oparitu zidatenetik egongelako mahai gainean egon da, nire zain. Nik, artean, lasai egoteko esaten nion, hartuko nuela, bai, baina ordua heldutakoan. Izan ere, ez da presaka eta saltoka irakurtzeko liburua, bazkalostean eta lanera itzuli aurretik ordu erdiz hartzekoa. Ez, patxadaz gozatzeko liburua da, eta, horregatik, udako opor egunak berari eskaini dizkiot. Ordua heldu zen, beraz, eta abuztuaren 12an, laneko ordenagailua itzali eta ordu erdira, sofan lekua hartu eta irakurtzen hasi nintzen. Eta azken orrialdea tolestu arte ezin izan dut utzi. Joseba Sarrionandiaren azkenaz ari naiz, noski. Maisulana, ezinbesteko horietakoa.

Gai eta estilo desberdinak jorratzen dituen lana da Sarrionandiaren hau, irakurlearen beharrei moldatzen dakiena. Badakit zuetako askok jadanik irakurri duzuela, eta beste asko, ni bezala, gogoz heltzeko une aproposa itxaroten zaudetela. Ez dizuet, bada, haren gainean ezer kontatuko, ez dizuet plazera zapuztuko. Baina liburuko pasarte batzuk lerro hauek betetzeko erabiliko ditut. Izan ere, orain dela mende bat Afrikara begira zegoen Espainian bizi zen giroaz Sarrik idatzitakoa irakurtzen ari nintzela, giro horrek gaur egun bizi dugunaren antz handia duela iruditu zitzaidan. Orduko hizkera oldarkorra, «moroen» kontrako herra, politikarien jarrera maltzurra ez zaizkit arrotzak egiten. Are gutxiago XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako egunkarietan argitaratzen ziren artikuluak eta iritziak. Horietako batzuk ia hitzez hitz ikusi ditut egun hauetan, euskaldunok arrifien lekuan jarrita.

Gauza jakina da Kuba eta Filipinak «galduta», amorratuta zebiltzala orduan espainolak, baina izaera inperialista berezkoa dutela erakutsi digute urteek eta haietatik jasotako esperientziak. Gaur, behe-lainoak ez, baina politikari eta kazetari batzuek piztutako suteen keak zailtzen du euskaldunok bakearen eta askatasunaren argia ikustea. Hala ere, esperientzia horri berari erreparatuta, zalantzarik ez daukat berandu gabe argia helduko zaigula, eta nahi izango nuke eguzki horrek berdin argitzea mendeetan laino eta ke artean bizi izan den amazigh herria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo