GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Inazio MURUA

Dialektika

Hara, Inazio, nola doan denbora... edo etorri zatorrek...?», galdetu zidan Joanikok herenegun, eta erantzuteko astirik eman gabe, jarraitu zuen: «joan dituk oporrak... edo gu etorri gaituk lehengora... edo gerokora...». Ni isilunetxo batez baliatu nintzen zain filosofiko puztu horren berri ez nekiela esateko. Eta berak denbora iragana presentean dagoela esan zidan; eta, hortaz, geroan ere bai, segitu zuen. Oporraldiak ez dio onik egin, esan nuen nik neure artean, eta berak erasoari ekin zion atzera berriro: «Uda honetan dialektikaren eskema ezin argiago gauzatuta ikusi diat Espainiako bizitza politikoan». Eta arnasa sakon hartu ondoren, bakarrizketari heldu zion:

«Espainia horretako Gobernuan bazagok ezkerreko alderdi bat politika ekonomiko neoliberalak erabiltzen dituena: lan eta pentsio erreformak -langileen eta pentsiodunen egoera eskasa eskasago egiten dutenak-, errenta handiak mesedetzen dituzten politika fiskalak, zerbitzu publikoen murrizketak, osasungintzan, hezkuntzan... Eta bazagok oposizioan eskuineko alderdi bat politika neoliberal horien aurka agertu dena. Harako Maria Dolores de Cospedalek, alderdiko idazkari nagusiak, berea langileen alderdia dela esan zian, eta ez nioan mozkor trazarik nabaritu; hortaz, hala izango duk. Ezkerreko alderdia, hartara, langileen eskubideak urratu eta urratu ari zuan eta eskuinekoa haien defentsari eutsi zion. Liskar horretan zihardutela, ez zituan konturatu Espainia gaixoak «merkatuak» izeneko izaki naturaz gaindiko baten mehatxua, Matrix-eko txipiroiak nola, gain-gainean zituela. Orduan, Angela Merkel eta Nicolas Sarkozy filantropo ezagunek lagun espainiarren liskar hori ikusita, bilera bat egin eta... erabaki bat hartzea erabaki zitean. Espainiaren defizitaren muga lege baten kutxa giltzatuan sartu beharra zegoan, eta hartarako Konstituzioa aldatzea proposatu zietean ezkerreko alderdi eskuindarrari eta eskuineko alderdi ezkertiarrari. Bi alderdiok, zalantzarako tarterik gabe, liskarra alboratu eta lanean hasi ziren».

Eta...?, esan nion nik.

«Argi zagok, motel. Tesia: PSOEren politika. Antitesia: PPren oposizioa. Sintesia: Konstituzioaren aldaketa, ongizate gizartea salbatuko duena».

Orduan Joanikoren emaztea agertu zen eta, hura agurtutakoan, trago bat jotzeko gonbita egin nien. Emazteak, berehala, ezetz esan zuen, Joanikok botika fuerte-fuerte bat hartzen ari zela eta. Banengoen ni...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo