GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Improv Everywhere Alondegian

XXI. mendeko jinkana, MP3 bidez, Youtuberako

Arrastiko bostetan egina zuen deia New York hiriko Improv Everywhere taldeak Bilbon, Alondegian. Eta adin guztietako ehunka lagunen erantzuna jaso zuen, xxi. mendeko MP3 bidezko jinkana erraldoia burutzeko.

p047_f01.jpg

Anartz BILBAO

Arratsaldeko bostak dira eta jende andana dabil Bilbo hiriko erdialdean, Indautxun. Asko Alondegian elkartu dira, MP3 entzungailuak belarrietan. 17.00ak puntuan, «Play» sakatu eta ahots batek gidatzen ditu: «Jolasten bazara, egizu hazka buruan, eta ikusi zenbat kide dituzun inguruan. Jolasa euskaraz jarraitzen baduzu, zabaldu besoak, eta gaztelaniaz entzuten baduzu, altxa gora eskuak. Orain, besarkatu ezazu ondoan duzuna».

Modu horretan eman zioten hasiera atzo New Yorkeko Improv Everywhere kolektiboak, Bilboko Alondegian Hóplay jardunaldiak direla-eta (bideo jokoen nazioarteko lehiaketa), antolatu zuen ekintzari. Azken batean, jinkana  moderno bat, aginduak pistetan baino MP3 entzungailuen bitartez ematen dituena.

MP3 dokumentua aurretiaz jaisteko aukera izan da egunotan. “Bilbaoesperimentua” izeneko artxiboak 40 minutu ditu, eta Oihan izeneko lagun baten ahotsak gidatzen du (euskarazkoa behintzat).

Jende uholdea –hogei urte inguruko kuadrillak asko, baita haur eta guraso zein aiton-amonak ere– Alondegitik atera eta Moyuarantz abiatu da, euritako koloredunak irekita, euririk ez den arren. Ordu erdiko jolasa dute aurretik, Arte Eder Museoan, Casilda Iturriza parkean... Ehunka batzuk dira, eta kalean gora eta behera dabiltzanen harridura eta jakin-mina piztu dute...«zer da jendetza hau?» galdetzen digute behin eta berriro. Asko, parte hartzera animatu dira.

Youtube

Improv Everywhere Charlie Toddsek New Yorken sortutako taldea da, urtebete eskasean ikaragarrizko sona lortu duena, performanceak Youtube atari famatuan eskegi eta lortu duten bistaratze kopuruari esker. Bilboko jolasa ere hasieratik bukaerara bideoan grabatu du antolakuntzak, eta aurki izango da, ziur asko, Interneten ikusgai.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo