GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Euskal pedalkadak

Testiguaren barruko mezua

Beraiek auto blindatuetan pasako dira arnasarik estutu gabe, txirrindulariak utzi dituzte, hor, fronte lokaztu horretan, beste zereginik ez balute bezala, hau Espainia dela aldarrikatzea... Hamazazpi urte eta gero, korapilo zaharrei beste buelta bat, askatzen hasi beharrean

Amets Arzallus

Espainiako itzulia gustatzen zaigu La Covatillako aldapan izerditan doanean, edo Salamancan saihetseko haizeak tropela bitan ebakitzen duenean. Gustatzen zaigu Espainiako itzulia Angliruko aldatz pikoan pinoirik gabe gelditzen denean, edo Madrilen esprinterrek bizikleta dantzatzen dutenean. Baina Espainiako itzulia zertan dabil Gasteizeko kaleetan? Zertara dator Espainiako itzulia Bilboko Euskalduna zubira? Nork ekarri du?

Hamazazpi urte baziren Espainiako itzulia ez zela gure errepide bazterretatik pasa, geu joaten ginen Espainiara gure parrillak eta kanpin dendak hartuta. Eta joango ginen aurten ere, baldin eta bera ez balitz gu amorraraztera hona etorri. Ez da etorri gainera, ekarri egin dute, euskotik izena bakarrik duen Jaurlaritza tranpaz berrituak tropel osoa hartu, eta txirrindulariak gogoz kontra ekarri ditu. Beraiek auto blindatuetan pasako dira arnasarik estutu gabe, txirrindulariak utzi dituzte, hor, fronte lokaztu horretan, beste zereginik ez balute bezala, hau Espainia dela aldarrikatzea... Hamazazpi urte eta gero, korapilo zaharrei beste buelta bat, askatzen hasi beharrean.

Gero kirola aterako dute mahai gainera, kirolak inon eta inoiz ideologiarik izan ez balu bezala, kirola ezerk kutsatu gabeko birjina bailitzan, kirola kirola dela eta ez beste ezer, eta bakean uzteko arren, horregatik ekarri dute ba! Horregatik xahutu dute ba hainbeste diru! Kirolak ezer sinbolizatzen ez duelako! Kirola izan da nazionalismoen erretaguardia sinbolikoa, nazionalismo denek erabili dute kirola jendearen identifikazioa bilatzeko, edo territorioak aldarrikatzeko. Eta hori ongi asko daki Espainiako itzulia Euskal Herrira sartu duenak. Ez da bidegurutze batean nahastuta etorri.

Bizikleta martxa herrikoi honen bidez, inongo mendiko sari eta bukaerako esprintik gabe, baina kirola harturik bitarteko, geure nazioa aldarrikatzera etorri gara. Txirrindularitzaren alde gaude, baina txirrindularien erabilpen bihurri honen kontra. Bide eta bide bazter hauek Euskal Herriko itzuliarenak dira, eta ez Espainiakoarenak, Espainiako itzulia ikustera La Covatillara joango gara, edo Salamancara, edo Madrilera, edo telebistatik ikusiko dugu, gustatzen zaigulako Espainiako itzulia, beste inoren lurretan intentzio gaiztoz sartzen ez denean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo