GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baserriko produktu eta abere azoka izango da gaur Elorrioko Feriagunean

Jaiak ez du etenik Elorrion, baina igarotako gau eta egunen ondoren, zenbaitek eskertuko du gaurko baserriko produktu eta abere azokaren lasaitasuna. Bertara gerturatzen direnek eskualdean ekoitzitako produktuak erosi ahal izango dituzte. Jaki on eta osasungarri hauek ezinbestekoak izan daitezke, datozen egunotako jai-giroari eusteko indarrek huts egin ez dezaten.

Mikel PASTOR | ELORRIO

Gaurkoa jardunaldi berezia izango da Elorrio eta inguruko herrietako nekazari eta abeltzainentzat. Gainerakoentzat ere bai, goiz osoan zehar, bertako produktu natural eta kalitatezkoak usaindu, dastatu eta erosi ahal izango dira, baserritik zuzen-zuzenean Feriagunera ekarriak.

Azoka beteranoa dugu Durangaldeko herrikoa, 28. edizioa ospatuko da aurten, eta arrakasta handia izaten du. Elorrioko ingurune naturalari eta larreei esker toki aproposa da nekazaritzaren inguruko bizimodua antolatzeko. Azoka honek abeltzainei eta nekazariei beren produktuak gizarteari aurkezteko aukera ematen die, baita euren bizimoduaren nondik norakoak aditzera emateko ere.

Udalak dei egin die bertaratu nahi dutenei, euskal jantziak soinean ekar ditzaten. Herria girotzeko asmoz, txistularien kalejira ere ibiliko da herriko kaleetan zehar.

Barearen osteko ekaitza

Aste barruan zer edo zer lasaituko dira Ferixa Nausikoak, baina lehenengo, bihar, astelehena, Kuadrilla Eguna egingo dute, eta aurten ere sekulakoa izango dela ziurtatu dute antolatzaileek. Gainerako egunetarako ekintza lasaiagoak prestatu dituzte, atseden apur bat ere hartu behar dela-eta.

Datorren asteburuan itzuliko dira jai egun eta kontzertu indartsuak. Ostiralean, Gaztetxean, Kataluniako At Versaris hip hop taldea arituko da, katalanez rap egiten, jarrera umoretsu eta kritikoan. Ondoren, Gozo Gozo erromeria taldea izango da.

Baina, duda barik, jaietako platerik goxoena larunbatean dastatu ahal izango da. Elorrioko Iheskide taldeak zabalduko du gaua, mezuz beteriko erritmo gogorrekin. Ze Esatek! talde gipuzkoarraren emanaldiak jarriko dio amaiera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo