Mikel Aramendi | Kazetaria
Morala, aitzurra eta pala
Lapurretak eta txikizioak egin zituzten gaztetxoen gurasoak errudun dira eta espioitza sare mafioso bat aprobetxatuz (ala antolatuz?) hainbat jende erabili edota txantajeatu duten murdochtarrak ez?
Ilargia seinalatzen zuen hatzari begira geratu nintzen zozotuta, kontzeptua lehendabizikoz aditu nuenean Ingalaterrako hirietan pasa den abuztuaren erdialdera sutu ziren istiluen harira. David Cameronek higuin kasik fisikoa sortzen dit, aktore baldarrenei darien faltsutasun ernegagarri hori aurkitzen diodalako edo; neure erruz edo herraz izango da segurki, beste milaka politikariren paretsukoa baita horretan, baina Blairren irriñoa bera baino faltsuagoa suertatzen zait, hortik pentsa. Agidanean, horrexegatik marmarka egin nuen, neure artean: «Gibela behar dik Andy Coulson fitxatu zuenak horrela hitz egiteko!».
Kale iskanbila haien sorburuan Cameronek kausitzen zuen «gure gizartearen kolapso morala» zen pizgailua, noski. Hurbilagoko beste ergel batzuek hain gogokoa duten «gizarte gaixotuaren teoria» totalitario zaharraren kimu berria besterik ez dirudien asmakizun horrek, jakina, koherentziaren froga gainditu behar luke, besteak beste. Eta egia balitz ere, Cameronen hatz salatzailea kakaztuta zegoela ikusteko aski zen albistegi bertsuetan erreparatzea. Zer dela eta da larriagoa salgaiak ebastea jendearen pribatutasuna asaldatzea baino? Lapurretak eta txikizioak egin zituzten gaztetxoen gurasoak errudun dira eta espioitza sare mafioso bat aprobetxatuz (ala antolatuz?) hainbat jende erabili edota txantajeatu duten murdochtarrak ez? Coulson eta abarren morala miragarriagoa ote da zalapartari horiena baino?
Cameronen kirtenkeriak ez du segizio handirik izan... zoritxarrez. Ondorengo asteotan, Libiako gorabeheren harian jakin ditugunetako batzuek aukera egokiagoa ematen dutelako «kolapso» edo «gainbehera moralaz» hitz egiteko. Ez gizartearena, baizik Mendebaldeko aginte eliteena. Itxura guztien arabera, Libia «askatuan» gertatzen ari den etorkin beltzen pogrom lotsagarria alde batera utzita, zer izen eman behar zaio Gaddafiren torturatzaileekin Erresuma Batuko eta AEBetako kideek, ia hamarkada batez gutxienez, izan duten elkarlan hitsari? Zein ote da horren moraltasuna? Moralari begirune apur bat diogunok zer egin behar ote dugu Trantsizio Batzorde Nazionala deitzen den horren aurrean, non uztartu baitira (ez luzarorako, apustu) Gaddafiren borreroen nagusia (Musa Kusa) eta haren biktima zuzenenetako bat (Abdelhakim Belhadj, zerrenda beltzenetan dagoen terrorista islamista Mendebaldearentzat, egun NATOren mintzaide nagusienetakoa bada ere)?
Ez da agintari politikoen kontua soilik, ordea. Iragan asteburuan «NYT»-en edizio digitalean argitaratzen zen argazki batean ikus zitekeen nola bi «errebeldek» sartzen duten pick-up baten atze partean, eskuak lotuta, Gaddafiren aldeko boluntarioa omen den gazte izu bat. Militar edota miliziano itxurarik gabekoa janzkeraz ez oinetakoz, alafede. Egileak hala nahita seguruenera, argazkian garbi ikusten da atxiloaren alboan dagoen aitzurra, eta atxilotzaileetako batek eskuetan daraman pala.
Garrantzirik gabeko huskeria irudituko zitzaion detailea aipatu ere egiten ez zuen erredaktoreari. To morala!