Eli Olaskoaga | Jaizkibel Konpainiako kidea
«Oso gogorra da 15 urteren buruan oraindik kaletik bota nahi izatea»
Emakume eta gizonez osatutako Jaizkibel konpainiak hamabost urte daramatza Hondarribiko alardean desfilatzen. Irain eta eraso anitz jasan dituzte azken hamabost urteotan konpainiako kideek, baina aurrera egin dute emakumearen parte-hartzearen alde. Aurtengoan, ordea, hainbat kaletatik desfilatzea debekatu dio Lakuako Barne Sailak Jaizkibel konpainia mistoari.
Oihana LLORENTE | Hondarribia
Abuztu amaieran, Barne Sailaren ebazpen bat dela medio, hainbat debeku jaso zituen Jaizkibel konpainiak. Azalduko al zeniguke zein eragin duten?
Entsegu egunetan San Pedro kaletik eta 8an, alardearen egunean, Gernikako Arbola parketik igarotzea debekatu digute. Ertzainek eman ziguten Barne Sailak ezarritako debekuaren berri, baina, dirudienez, Hondarribiko Udalaren esku beltza dago atzean. Antza, alkatearen aginduz udaltzainek egindako txosten batean oinarritu dira erabakia hartzeko. Ertzainak ere harrituta daude, izan ere, beraiek izaten dira urtero-urtero alardean, eta, beraz, beraiek egin beharko lituzkete era honetako txostenak. Alkatearen trikimailua izan da, emakumeak kaletik kanporatzeko eta baztertzeko.
Zein balorazio egiten duzue?
Atzerapauso handia da, emakumeak guztiz ikusezin bihurtzea dakarrena. Herritarrek urteak daramatzate gu ikusten, ohitzen ari dira... eta, orain, bat-batean, berriz ere inork ikus ez gaitzan lortu nahi dute. Gainera, zentzurik ez duten debekuak dira. San Pedro kalean ez da inoiz istilurik egon, ezta Gernikako Arbola parkean ere; tentsio gune handiena Kale Nagusia da. Neurri hauek ez dute inolako logikarik.
Helegitea aurkeztu arren, EAEko Justizia Auzitegiak Barne Sailaren alde egin du.
Bai, erabakia kautelazko neurri gisa onartu dute. Baliteke epaiketara iritsi eta epaileak gure alde egitea, baina gu jada entseguetan ez gara herri erditik pasatzen ari. San Pedro kaletik igaro ordez atzealdetik pasatzera behartzen gaituzte, inor ez dagoen kale batetik! Zer gertatuko da behin alardea pasata auzitegiek gure alde egiten badute?
Behin entseguetako bataila galduta, alardearen egunean Gernikako Arbola parketik pasatzeko aukera izango al du Jaizkibel konpainiak?
Guk geuk azken helegite bat jarri dugu. Hilaren 7an [gaur], eguerdian, jakingo dugu zein den ebazpena eta horren arabera jakingo dugu urtero bezala Gernikako Arbola parketik igarotzerik dugun edo ez.
Itxaropenik ba al duzue?
Guk itxaropena ez dugu galtzen. Nahiko baikorrak gara, bestela ez ginateke gauden tokira iritsiko. Erakundeek bizkarra eman eta horrelako trikimailuak erabili arren, guk argi dugu emakumeok hor egon behar dugula, alardean desfilatzeko eskubide guztia dugula, eta ez kantineraren rol tradizionalean bakarrik.
Emakundek ontzat eman ditu Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak egindako aldaketak. Zein iritzi duzu horren inguruan?
Harrituta gaude. Gainera, gurekin ez dira ezertarako harremanetan jarri. Egin izan balute, debeku hauek duten eragina ulertuko zuten. Urteetan izan dugu harremana Emakunderekin, eta, beraz, ez dugu gertatutakoa ulertzen.
Hamabost urte bete ditu aurten Jaizkibel konpainiak. Zein balorazio egiten duzue?
Askoz jende gehiago gaude konpainian, gazte andana batu zaizkigu; dagoeneko ez da beldurrik alardean gurekin irteteko. Giroa asko lasaitu da herrian eta poliki-poliki normaltasun baten barruan bizi da guztia.
Plastiko beltzak, aterkiak... denetarik erabili dute alarde diskriminatzailearen aldekoek zuek iraindu eta baztertzeko. Zer espero duzue biharko?
Espero ez dugu ezer espero. Dagoena dago. Urtero hartzen dugu sorpresaren bat, baina argi dugu urteren batean hor gaudela onartu beharko dutela eta tontakeriak egiteari eta erridikulua egiteari utzi beharko diotela.
Zein giro dago Jaizkibel konpainiaren barruan?
Denok uste dugu hau atzerapauso bat dela eta haserre gaude. Hori bai, ahalik eta hoberen eramaten ahalegintzen ari gara, frustrazioarekin baina argi izanik jada ez dagoela atzera bueltarik, jada ez gaituztela etxera bidaliko. Gurean jarraituko dugu; horretan ez dugu zalantzarik.
Nola konpon daiteke behin betiko gatazka hau?
Berdintasun Legea betez gero, berehala konponduko litzateke. Noiz ikusi da lege berri bat betearazlea ez izatea? Legea betetzea derrigorrezkoa izan beharko litzateke, eta, beraz, gure alkatea legea betetzera derrigortu beharko lukete. Berdintasunaren alde egin beharko litzateke, eta, ez, egiten ari diren bezala, kontra. Diputazioari, EAJri eta alderdi guztiei inplikatzeko deia egiten diegu. Ez dute hitzez berdintasuna babestu eta gero guri bizkarra ematerik.
Gizarteari zer eskatzen diozue biharko egunari begira?
Faborez Hondarribira etortzeko eta euren indarra, gurekin daudela, txalo bidez erakustea. Oso gogorra da hamabost urteren buruan oraindik ere non gauden ikustea; kaletik bota nahi gaituzte oraindik! Horren aurrean erreakzionatu behar dugu.