GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Banatuta ezina, batuta etekina

Bildu osatzen duten alderdiek eta EAJk goi mailako bilera egin zuten atzo. Urriaren 20ko hauteskunde orokorretara begira, Euskal Herriaren izate eta eskubideen defentsan errotutako aliantza abertzale baten inguruan aritu ziren. Berebiziko egoera eta aukeren aurrean, soluzio berri eta berritzaileen beharra nabarmena da, unea aprobetxatuz Euskal Herriarentzat batuta joatea etekina eta banatuta ezina direla barneraturik. EAJk, prentsan aspaldi aurreraturikoa ofizialki jakinarazi zien bere mintzakideei. Ezezkoa, alegia. Hauteskundeetan elkarrekin aurkeztea ezinezko dela, eta gero, gerokoak. Politikan, baina, ez da sekularik existitzen ezta betirakorik. Oraindik ez dago idatzita zer gertatuko den, galdera marka handiak baitabiltza haizean.

Joseba Egibarri egokitu zitzaion bileraren osteko jardun publikoa. Mezu izugarri zorrotza erabili zuen; fede oneko abertzaleen desirekin jolastea egotzi zion Bilduri. Are, proposamenak ustezko ETAren agiri baten mesedetara egokitutako helduleku bat eskaintzea xede zuela iradoki zuen. Berak jakingo du garraztasun horren arrazoia. Abertzaletasunaren hegemoniaren auziaren inkontzienteak noraino itsutzen duen. Baina, berak bezala, denek jakin beharko lukete erronkaz beteriko denbora zail hauetan elkarkidetzaren bidetik datorrela etekina eta euskal jendearen babesa. Ondokoak ere hobera egin ezean, inork ez duela hobera egingo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo