Orotara, ia 3.000 ikasle eskolatuko ditu aurtengo ikasturtean Seaskak
Azken urteotako goranzko joera egiaztatu da Seaskan eskolatutako ikasleen kopuruari dagokionean. Maila guztiak kontuan hartuta, herenegun hasitako ikasturtea amaitzerako, 2.950 ikasle izango ditu Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua eskaintzen duen sare bakarrak.
Arantxa MANTEROLA |
Iaz irekitako Arrokagarai Itsasuko ikastola aitzinean egin zuten, atzo, ikasturte hasieraren balorazioa Seaskako arduradunek; hain zuzen, Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua eskaintzen duen sarea urtez urte izaten ari den ikasleen emendatzearen lekuko ezin hobean. Izan ere, hamazazpi haurrekin abiatutako ikastolak 31 izango ditu aurten.
Maila guztiak kontuan hartuta, aurten ere, emendatzea nabarmena izan da. Guztira, 29 ikastoletan banatuta, 2.856 ikaslek ekin zioten herenegun ikasturte berriari (iaz baino 150 gehiago). Halere, urtean zehar ama eskolan hasiko direnekin, ikasturte amaierako 2.950ra heltzera espero dute.
Goranzko joera horri erantzun ahal izateko, irakasle kopurua ere emendatu egin da. 152 irakasle ari dira egun, baina Paxkal Indo lehendakariak adierazitakoaren arabera, Hezkuntza Ministeriotik 4,25 lanpostu gehiago baizik ez dute erdietsi eta 2 urtetik gorakoen sarrerari aurre egiteko ikastolen federazioak bere gain hartu beharko ditu irakasle berrien kostuak (batez beste hemezortzi irakasle posturen kostua Seaskaren bizkar).
Integrazio Batzordea
Zailtasunak dituzten haurren eskolatzeari dagokionez (Integrazio Batzordea), aurten 39 izango dira eta beste bost ikasle Xalbador kolegioan arituko dira.
Jeff Mateo Seaskako lehendakariordearen esanetan, ikastola txikien garapena bermatzea eta lehen mailakoen sorrera bultzatzea izan da aurtengo parioa; eta datorren ikasturterako, bizpahiru ikastola berri irekitzeko moduan izanen direla aurreikusten dute.
Bestalde, Seaskak Ministerioarekin duen hiru urteko hitzarmena aurten iraungiko denez, hitzarmen berriaren negoziazioa hastea ere mahai gainean dituen zereginetan dago.
Euskararen ofizialtasunaren eta baxoa euskaraz egiteko eskubidearen aldarrikapenak aurtengo zereginen artean izanen ditu Seaskak. Euskal Konfederazioarekin batera, martxoan Deiadar manifestazioa bultzatuko du.