GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Aimar SAGASTIBELTZA | Teruel taldeko futbolaria

«Teruelek agindutakoa bete egiten du, eta alde horretatik sekulako zortea izan dut»

Aimar Sagastibeltza da Teruel futbol taldeak duen jokalari euskaldun bakarra. Sortzez leitzarra, Tolosan eman zituen bere futbolari ibilbideko lehen urratsak. Handik Beasainera joan zen, gero Nasticera, Tarragonako taldera. Azkeneko hiru urte hauetan Aragoiko probintziarik txikieneko hiriburuan ari da jokatzen. Ezinbestekoa da hamaikakoan, eta hango zaleek, gainera, oso gustukoa dute.

p033_f01_97x160.jpg

Jon LEUNDA

Aimar Sagastibeltza hirugarren denboraldia betetzen ari da Teruelen. Caldere Bartzelonako jokalari ohiaren eskutik heldu zen bertara; aurten entrenatzailea aldatu dute, baina nafarrak han jarraitzen du, eta hamaikakoan ezinbesteko jokalaria bihurtu da.

Zer egiten du leitzar batek Teruelen jokatzen?

Futbola honelakoa da. Futboletik bizi nahi baldin baduzu, mugitu egin behar duzu, eta niri hona etortzea tokatu zait. Tolosan urte batzuk egin ostean Beasainera joan nintzen, eta bertan Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatu genuen Reusen aurka. Bertan jokatzen ikusi, eta Nasticek, Tarragonak alegia, bere bigarren talderako fitxatu ninduen; ostean, lehen talderako kontratua egin zidan bi urterako. Lehen urtean hiru partida besterik ez nituen jokatu, eta Calderek Teruelera etortzeko dei egin zidan. Nik baiezkoa eman nuen, eta hemen jarraitzen dut oraindik ere.

Futbolaren inguruan dauden diru arazoak ikusita, Teruelen gauzak nola daude?

Hemen agindutakoa betetzen dute, eta hori eskertzekoa da. Hemen hiru urte egiteko arrazoietako bat hori da. Lagun asko ditut futbolean, eta ikusi behar da zer-nolako arazoak dituzten! Askotan, talde batera iritsi eta agindutakoa hilabete batean betetzen diete, eta akabo! Gero, agian taldea desagertu egiten da eta ezin dute kobratu; egoera tristea da. Badirudi egun gauzak aldatzen ari direla. Maila hauetan soldatak asko jaitsi dira, eta badirudi orain talde guztiak ordaintzeko moduan izango direla. Nik alde horretatik zortea izan dut.

Agindutakoa kobratzeaz gain, titularra ere bazara. Hor jarraitzerako garaian horrek ere zerikusia izango zuen, ezta?

Dudarik gabe. Begira, Nasticekin Bigarren Mailan nengoen, baina hiru partida besterik ez nituen jokatu. Futbolari batek jokatu egin nahi du, eta askotan nahiago duzu Bigarren Mailan jokatu gabe egotea baino bi edo hiru maila beherago egotea eta jokatzea. Alde horretatik ere hemen ongi moldatu naiz, eta gustura nago.

Futbolerako zer giro dago?

Ni iritsi nintzenean taldea Hirugarren Mailan zegoen. Hiriburu bat da hau, txikia izan arren, eta maila hori txiki geratzen zitzaien. Presio handi samarra zegoen, baina jendeak bultzatzen gintuen eta denboraldi bikaina egin genuen; igoera fasea sekulakoa izan zen! Igotzea lortu genuenean, ondorengo festa ere latza izan zen. Iaz Bigarren B Mailan oso denboraldi ona atera zitzaigun, eta zaleek ere erantzun zuten. Aurten hasi besterik ez gara egin, baina jendea gogoz dagoela dirudi. Esaten didatenez, taldeko urterik onenetakoak egokitu zaizkit hemen.

Aragoin egonda, Zaragoza al da erreferentzia?

Ez, ez da hala. Ez dakit zergatik, baina Zaragozarekin badago nolabaiteko ezinikusi bat. Nik uste dut talde honen ispilua Huesca dela. Tankerako kluba da, eta, gauzak apal eta ongi eginez, Bigarren Mailan daude; horri begiratzen diote hemen, ez Zaragozari.

Tolosan eta Beasainen erdiko atzelari bezala ari zinen, eta orain hegalera pasa zaituzte. Zer gertatu da horretarako?

Azkenean jokatzea da garrantzitsuena. Teruelen hasi nintzen hegaletik jokatzen, entrenatzaileak horrela erabaki zuelako. Eskuina naiz, eta ezkerrean jarri ninduen. Aurten, entrenatzaile berriarekin, berriro ere erdiko postura itzuli naiz, nahiz eta batzuetan atzelarien aurretik ere jokatzen dudan. Niri berdin zait.

Denboraldi honetan euskal taldeen multzoan ez egoteak ematen al dizu penarik?

Dudarik gabe. Nik hor jokatu nahi nuen, nahiz eta hemendik bidaiak handiagoak izan. Hor Alavesen, Real Unionen, Eibarren edo Logroñesen aurka jokatzeak sekulako ilusioa egiten zidan. Han nengoenean ezin izan nuen haien aurka jokatu eta gogoa neukan, baina azkenean valentziarrak dauden multzoan sartu gaituzte eta hor jokatu behar. Agian, egunen batean aipaturiko talde horietan jokatzeko aukera izan dezaket, ez baitago futbolean zer gertatuko den jakiterik; aldaketa asko ematen dira oso denbora gutxian.

Nolakoa da bizitzeko Teruel?

Herri handi bat, lasaia. Udan jendea mugitzen da, bero egiten baitu, baina behin urriaren erdi aldetik aurrera sekulako hotza egiten du. Entrenamenduak egiteko ere oso gogorra da, hotza handia izaten baita. Pentsa, kalean ere jende gutxi ibiltzen da. Nik askotan Tolosarekin alderatzen dut; hala ere, hau baino txikiagoa izan arren, askoz ere mugimendu gehiago dago han. Bestela, eta hemengoei ere esaten diet, niri ez zait gustatzen; musulmanen garaiko gauza asko daude, eta hori interesatu eta gustatuz gero polita izango da, bestela ez.


 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo