Willis Drummond: «Zuzenekoaren energia diskora eramaten saiatu gara»
Azken boladan, Willis Drummond talde lapurtarra agertokiz agertoki dabil, «Instanteak» diskoa aurkezten, estudioko hirugarren lana. Bidehuts musika plataformaren babesean argitaratu den lanak transmisioz beteriko musika energikoa lantzen du, intentsitate eta garapen handikoa. Disko berrian bildutako zortzi kantuak taldekideek eurek sortuak dira eta horiek zuzenean entzuteko aukera izango da gaur bertan, Eibarko Arrateko jaietan.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Willis Drummond laukote lapurtarrak «Instanteak» (Bidehuts) izena jarri dio estudioko hirugarren lanari. Zortzi kantuz osaturiko lan berria, 2010eko azaroan grabatu zen Angeluko (Lapurdi) Amanita estudioetan eta 2011ko martxoan ikusi zuen argia.
Hirugaren lan hau grabatzeko, taldeak hastapenetara jo du, lehen diskoa grabatu zuten Amanita estudiora itzuliz, Stephan Krieger soinu teknikariaren agindupean, berriz ere. «Anthology» lehen diskoak 2007an ikusi zuen argia. Talde baten lehen diskoa izateko izen bitxia jarri zioten, baina zinez, kantu antologikoak bildu zituzten lehen saiakera horretan. Geroago etorri ziren taldearen izena daraman bigarren lana eta Psilocybenean zuzenean grabaturiko diskoa, biak, Bidehuts diskoetxearen babesean. Estudioko aurreko lanak ez bezala, zuzeneko formatuan grabatua dago «Instanteak» diskoa. Gitarrak, bateria eta baxua batera erregistratu ziren, gerora ahotsak eta ñabardurak sartzeko. Emaitza, zuzeneko baten indarra eta intentsitatea biltzen duen grabaketa fidela. Taldeko gitarra-jotzailea den Jurgi Erkizak horrela definitzen du grabaketa: «Asmoa diskoa zuzenean grabatzea zen, eta ahal bezain laster. Stephanek duen estudioa nahiko handia da, kalitatezko mikrofonoekin, eta zuzeneko grabaketak egiten sarri ibilia da». Hiru egun soilik erabili zituzten diskoa grabatzeko, ondoren nahasketak eta masterizazioa Lyonen (Estatu frantsesa) burutzeko. Azken emaitzarekin pozik agertu arren, taldearen nahia noizbait disko bat denboraz egitea da: «Gero eta gehiago aipatzen dugu benetako estudioko lan bat egitea, denbora hartuz, eta lanean sakonduz», dio gitarra-jotzaileak.
Askoren ustez, Willis Drummond taldearen zuzenekoa egun Euskal Herrian den hoberenetakoa da. Taldeak estudioko lanetan grabatzen dituen kantuak, bizi propioa hartzen dute oholtza gainean, estudioan egindako abestiak zuzenean leherraraziz. Hainbeste laudorio ez ote den zama bilakatzen galdegin diogu Jurgiri. «Zuzenean beti ematen dugu daukagun guztia... ez dakigu komedia egiten. Beraz, guri ez zaigu axola jendeak zer itxaroten duen. Gu garena da gure musika. Batzuek maitatzen dute, beste batzuek beti zerbait oker ikusiko dute. Horrelakoa da bizitza». Zuzeneko emanaldietan eta estudioko grabaketaren arteko ezberdintasunaz galdegitean, zera dio Jurgik: «Orain arte saiatu gara beti diskoetan zuzenekoaren energia islatzen. Beraz, filosofia nahiko antzekoa da estudioan eta kontzertuetan. Gaur egun, plazera hartzen dugu gauzak lantzen, eta xehetasunak hobetzen, eta ene ustez, horrek ondorioak izango ditu gure hurrengo grabaketetan», dio.
Musika garapena
Dagoeneko sei hilabete igaro dira «Instanteak» diskoak argia ikusi zuenetik, eta ia urtebete, Willis Drummond estudiora sartzeko kantuak prestatzen hasi zirenetik. Tarte hori igarota, azken emaitza gaur egun nola ikusten duen galdegin diogu Jurgiri: «Diskoarekin oso kontent gaude hasieratik, eta izandako harreraz oraindik gehiago. Bistan da, justu kaleratu aitzin, dudak izaten direla beti: egindakoa ona den ala ez, nola ikusiko duen jendeak... Hainbeste denbora eta energia buru-belarri bertan ezarri ondoren, argitaratzeko beti gaude dudan». «Istanteak» diskoa da egungo zuzeneko kantu zerrendaren zutabe nagusia, baina betiere, aurreko lanak ahantzi gabe. «Diskoz disko, garapen bat izan dugu, baina iduritzen zaigu egin dugun guziak bat egiten duela oraindik, beraz jarraitzen dugu gure estudioko hiru diskoen kantuak jotzen».
Orokorrean, iraupen luzeko kantuak lantzen ditu taldeak. Diskoari izena ematen dion abestia, esaterako, zazpi minutuko pieza da, non musika errealitate ezberdinak batzen diren kantu bakar batean. Taldeak musika garapenak gustuko dituen seinale argia. «Bai, uzten dugu beti lekua garapenari edo moldaketari. Guk ez dakigu sekula aitzinetik egiten dugun abestia luzea ala laburra izanen den».
Zuzeneko emanaldietan bat-batekotasunaren eta inprobisazioaren garrantziaz galdegitean, zera erantzuten du Jurgik: «Musikari dagokionez, inprobisazioak ez du lekurik gurean, teknikoki gure mailak ez digu zilegitzen! Baina edozein gisaz, gure musika ez da horretako egina. Abesti bakoitza idatzia eta pentsatua da bere helburua lor dezan, eta ez dago inprobisatzeko toki askorik». Diskoa kalean, zuzeneko emanaldiak dira taldearen jomuga.
«Kantu bat egiteko, ideia batetik abiatzen gara, eta moldaketak eta aldaketak egiten ditugu mugarik gabe. Zazpi minutu behar baditugu, zazpi minutu hartuko ditugu. Barnean duguna bi minututan ateratzen bada, bi minuturekin nahikoa».
Taldea: Willis Drummond.
Diskoa: "Instanteak".
Diskoetxea: Bidehuts.
Kantu kopurua: Zortzi.
myspace.com/willisdrummond
Zuzenean: Gaur, Eibar. Arrateko jaiak.
Urriaren 8an, Lizarra.