Euskal Herria Jaietan | Bermeo
Txosnak herriaren erdi-erdian jarrita, gaur hasiko dira andramariak Bermeon
Gaurko hasiera ofizialaren ondoren, zortzi eguneko festak abiatu dituzte Bizkaiko kostaldeko herrixkan. Adin eta gustu guztientzako ekitaldiak izango dira, eta berrikuntza nabarmena da aurtengo edizioan txosnak Kofradia Zaharraren atzealdetik Lamera parkera aldatu izana. Antzerkia, musika eta luxuxko kartela duen herri-kirol jaialdia eta txapeldun handiak bilduko dituen bertso saioa izango dira bermeotarrek gozatuko dituzten ekimenetako batzuk.
Beñat ZARRABEITIA |
Bermeok jaien aurrerapen berezia izan zuen joan den igandean, Donostian. Urdaibaik eskura baitu bigarrengoz Kontxa irabazteko aukera. Traineru urdinak 33 segundoko abantaila atera zion Kaikuri, eta bermeotarrek gogotsu itxaroten dute datorren igandea. Bitartean, badute zer egin; izan ere, gaur bertan hastekoak dira herriko jaiak. Idurre Bideguren alkatearen pregoiak (20.00etan), ikurrina altxatzeak eta Bermeotarrak fanfarrearekin egindako jaitsierak hasiera ofiziala emango diete Bermeoko jaiei.
Aurtengo berrikuntza nagusietako bat txosnak lekuz aldatzea izan da. Urteetan, kofradia zaharraren atzealdean egon dira, erdialdetik eta agertoki nagusitik aldenduta.
Orain, aldiz, Lamera parkean jarriko dituzte, herriaren erdi-erdian. Gainera, «Txo, alabatxi» izenburupean, Bermeoko txosnek deialdi berezia egin diete herriko gazteei, bertara inguratu eta antolatzen diren ekimenetan parte hartzeko. «Ez pentsa gauzak kanbixe eingo dizenik beti betikue eitzen bazun», hori da luzatzen duten mezua, hainbat gazteren jaietako ohiturak aldatu eta jaiak ahalik eta parte-hartzaileenak izateko.
Gaur goizean, pregoiaren aurretik, itsas jokoak izango dira, Gurutze Gorriak antolatuta. Masta puntakoa, jinkana, itsas bolak, banana eta bestelakoak izango dira Ronpiolaseko Mailuan. Arratsaldean, Bermeo eta Gernika futbol taldeek partida lehiatuko dute Itsas Ganen. 19:0tan, Almikatik jaitsiera El Despiste eta Guretzat fanfarreekin. Gauean, kontzertuak Ost eta Angelus Apatrida taldeekin.
Bihar, goizean musika eta erraldoiak izango dira nagusi. Arratsaldean, idi probak, umeen danborrada, eskupilota partidak, suziriak eta suzko zezena. Gaua animatzeko, Lamera parkean El Consorcio talde beteranoaren kontzertua izango da.
Ostiralari dagokionez, egun osoan ibiliko dira fanfarreak herriko bazter guztietara jai giroa ekarriz. Gauean, Sorginak taldearekin dantzaldiarekin eta FM diskotekarekin musikak ordu txikietara arte joko du. Bermeora gerturatu nahi duten guztiek, orduro tren zerbitzu berezia izango dute Gernikatik.
Asteburuarekin jarraituz, larunbatean umeen jolas parkea eta Kemen dantza taldearen ikuskizunak larunbat goiza girotuko dute.
Arratsaldean, «La Mecánica de la Naranja» antzezlana izango da Irakaskintza kalean. Txubio Fernandez de Jauregik zuzentzen duen obra da eta antzezle lanetan Raul Camino, Begoña Martin eta Miguel Garces ari dira. Arratsaldean, «Por vos... Argentina» folklore emanaldia, txokolate jana eta berriz ere musika emanaldia FM diskotekaren eskutik Lameran.
Jaiak ez dira asteburuarekin amaituko, eta hurrengo astean ere indartsu ekingo diote. Astelehenean, ume eta gaztetxoen play-back txapelketaren ondoren, Pantxoa eta Peioren kontzertua izango da. Kantaldia Bermeoko Kafe Antzokian izango da, dohainik, baina sarrera mugatua izango du, 800 pertsonentzako.
Asteartean herri kirolak eta bertsolariak izango dira arreta bereganatuko dutenak. Izan ere, bi kasuetan luxuzko kartela aurkezten dute Bermeoko jaiek. Herri kirolen ikuskizuna, Euskaraz Berbetan elkarteak antolatuta, Artza frontoian izango da. Harri-jasotzaileei dagokienez, Iñaki Perurena, Iñaxio Perurena, Aimar Irigoien, Jose Ramon Izeta eta Idoia Etxebarria izango dira. Aizkolarien artean, Nazabal, Mugerza, Atutxa eta Arrospide lehiatuko dira. Horrekin batera, fardoak, berun-jasotzaileak eta txinga-eroaleak ere izango dira.
Bertsolaritza gustuko dutenek, 22.00etan hitzordu berezia dute Artza frontoian baita. Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna, Andoni Egaña txapeldun handia, Amets Arzallus, Igor Elortza, Miren Amuriza eta Arkaitz Estiballes arituko dira. Punta-puntako eskaintza bertsozaleentzat.
Bermeoko txosnek bideo berezia prestatu dute aurten herriko gazteen jaietako ohiturak aldatu eta jaiak ahalik eta irekien eta parte-hartzaileenak bultzatzeko. Txosnagunearen aldaketak ere horretan lagundu dezake.
Gaur gauean, Lamera parkean, trash metal musika jotzen duen Angelus Apatrida taldea arituko da. Albacetetik datorren laukotea da. Eurekin batera, Ost talde bermeotarrak ere emanaldia eskainiko du herrikideen aurrean.
Autoa edo motorra hartu behar ez izateko, eta bideko arriskua murrizteko, asteburuan tren zerbitzu berezia izango da Bermeora iristeko. Horiek horrela, gauean trenak ibiliko dira Gernika eta Amorebieta Bermeorekin lotzen.