Amets TXURRUKA | Euskaltel Euskadi taldeko txirrindularia
«Nulo!»
Egun arraroa inondik ere gaurkoa! Egunero bezala, irteerako protokoloa ohiko pausuak jarraituz gauzatu da. Sinaduren kontrola pasa ondoren, irteera neutralizatua izan dugu. Jakingo duzuen moduan, behin herritik irten ostean, hainbat kilometro egiten ditu tropel guztiak elkarrekin «Km 0» deiturikoa harrapatu arte; behin hori pasata, arazorik ezean, juezak banderatxoa jaitsi eta hor hasi ohi da lehia.
Gaurkoa ere bertsu joan da, baina, atletismoan gertatu ohi den antzera, gaur «irteera nuloa» izan dugu! «Km 0» pankarta pasa bezain laster, lauzpabost txirrindularik erasoa jo eta aurrera egin nahi izan dute, baina artean juezak banderatxoa goian zuen txirrindulariren bat tropeletik atzera zelako matxura baten ondorioz. Horrenbestez, iheserako asmoz zirenak geratu eta «irteera nuloa» izan dela erabaki du juezak; iheskideak tropeleratu eta lehiari berriz ere eman zaio hasiera!
Gutxitan ikusi dut halakorik txirrindularitzan! Hala ere, ezin esan Usain Bolt eta gainerakoen «nuloek» besteko polemikarik sortu duenik erabakiak. Atseden egunaren ondoren 200 kilometro baino gehiago genituen egiteko eta gorputza apur bat nagi xamar ere bai, atzoko egunean lasaitasun apur bat eman ondoren.
Esan bezala, 203 kilometroak nahiko lauak ziren eta esprinterren taldeek etapa kontrolatuko zutela suposatuz, hiru laguneko ihesaldia antolatu denean lasai antzean hartu dugu guztiok eguneko lehen partea. Hala ere, nagikeriak berehala kendu zaizkigu Leopard taldeko gizonak haize babesa sortu nahirik orduko 80 kilometrotik gorako abiaduran tropelaren buruan jarri direnean! Helmugarako 30 kilometro inguru falta ziren eta abiadura eta tentsioa ikaragarriak izan dira bukaerara artean; Leopard taldekoen ahalegina ere ezerezean geratu da, ez baitzegoen tropela hausteko besteko haizerik! Beste behin, «nulo»!
Bukatzeko, azken esprinta ere berezia izan da, berezia deitzerik balego. Azken 200 metrotan esprinter askok okerreko bidea hartu eta autobusen aparkalekura bideratu dituzte beraien pedalkada azkarrak: hauentzat ere «nulo»! Aurtengo Vueltan duten aukera gutxietako bat alferrik galdu dute! Guk erorketarik gabe libratu dugu eguna eta kontent gaude, baina esprinterren baza jokatzen zuten taldeak ez dira umoreko egongo gaurko afarian!
Hain egun xelebrearen ondoren, atseden hartu, masajearekin giharrak errekuperatu eta afaritan Errioxako ardotxoren bat dastatuz, berriz ere lehiarako prest gaude, etxe inguruko etapetan zerbait egiteko gogo biziz!