Europan barrena trenez egindako bidaia eta heriotza, Elkar etxeko nobedadeetan jorratutako gaiak
Hasi dira argitaletxeetako nobedadeak liburu dendetara iristen. Hala, atzo Iñaki Serranoren «Desio izeneko tren batean» bidaia kronika eta Josu Waliñoren «Heriotzak» ipuin bilduma aurkeztu zituzten Donostian.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Ikasturte berriarekin batera, argitaletxeak beraien nobedadeak aurkezten hasi dira. Elkarrek, adibidez, Iñaki Serranoren «Desio izeneko tren batean» eta Josu Waliñoren «Heriotzak» liburuak aurkeztu zituen atzo Donostian. Lehena bidaia kronika bat da, eta, bigarrena, ipuin bilduma bat.
Iñaki Serrano Zuzenbidean lizentziatua da eta, aurretik zenbait sari txiki irabazi dituen arren, egunkari gisa eta umorea ardatz hartuta idatzitako «Desio izeneko tren batean» eleberria du estreinako liburua. Liburua bidaia kronika bat da, Inter-rail txartelarekin Europan barrena ibiliko diren bi gazteren bidaia, alegia.
Protagonistaren oroimenak azaltzen dira liburuan, bidaia laguna hil ondoren sortutako oroimenak. «Inter-rail txartelarekin egindako bidaia oso txar bat da; txarrera begirako sorpresak ageri dira», azaldu zuen atzo Serranok. Hamaika abentura, pasadizo eta bitxikeria biziko dituzte Iker eta Jonek hiriz hiri, trenetan nahiz gazte aterpetxeetan, ligatzeko asmoa beti gogoan. Gainera, ez da ahaztu behar bidaia 1996an egindakoa dela; hau da, Internet gabeko aro batean ibili ziren Europan barrena bi gazteak.
«Iaz egindako bidaien anekdotario bat egin nuen nire lagunen laguntzarekin eta literatura forma eman nion ondoren», esan zuen Iñaki Serranok. Humorea eta entretenimendua uztartzea izan zen bere xede nagusia; idazten ongi pasa nahi zuen. «Liburu ganberroa da», gehitu zuen.
Iñaki Serranok argitaratutako lehen liburua da eta gustura da egindako lanarekin. «Bidaien generoa errazagoa da, ez dut nire burua literatura sakona idazten ikusten», azaldu zuen eibartarrak. Gainera, eduki badu gauza «serioagoak» egiten dituen anaia; Asier Serrano idazle eta poeta, alegia. «Asierrek eta nik ez dugu ikuspegi bera literaturari dagokionez. Nik uste dut sufritzen disfrutatzen duela berak; nik, aldiz, ez», esan zuen txantxetan.
Heriotzari ihesi
Josu Waliñok heriotza du hizpide «Heriotzak» izeneko eleberrian. Zumaiar hau Informatikan lizentziatua da eta hainbat literatura sari irabazi ditu. «Bederatzi ateak» narrazio liburua (Txalaparta, 2008), «Izarren artzaina» (Txalaparta, 2009) edota «Hortza galdu du Jonek» (Aizkorri, 2009), besteak beste.
Oraingoan Josu da protagonista. Ospitalean dago, ustez, bere azken egunak izango direnak igarotzen, Heriok gauero egiten baitio bisita. Baina Josuk ez du hil nahi eta egoera horretatik ihes egin nahian, heriotzari buruzko istorioak kontatuko dizkiote elkarri, «Mila gau eta bat gehiago» klasikoan Xerezadek egiten duen antzera.
Liburua bizitzan zehar idatzitako ipuinak begiratuz sortu zuen Waliñok. Konturatu gabe, bildutako eta aukeratutako ipuin guztiek heriotza zuten komunean eta hala sortu zen «Heriotzak» liburuko argumentua. Baina «ez da hain beldurgarria» edo makabroa; maitasun edota polizia istorioak ere bildu baititu bertan.
«Zailena urteetan egindako ipuinak biltzea eta bildumari liburu forma emateko buelta hori egitea izan zen, baina gai komuna ikustean errazagoa izan zen. Zailena zer egin nahi duzun erabakitzea izaten da», nabarmendu zuen Waliñok.
Izenburua eta egilea: «Desio izeneko tren batean», Iñaki Serrano;
eta «Heriotzak», Josu Waliño.
Argitaletxea: Elkar. Taupada bildumaren barruan.
Orrialde kopurua: 128 eta 152 orrialde.
Adina: 13 urtetik gorakoentzat.
Salneurria: 11 eta 12 euro.