GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Jokoa desegitea jokoaren onerako

Egunotan asko akordatu naiz beste garai batzuetan ohikoa zen esamolde batekin. «El efecto billar» deitzen zitzaion kolpe bat eman eta ondorioak biderkatzen zituen kolpeen zirimolari. Billarrean bolari eman eta bolen arteko karanbola zatekeena, hau da, egoera guztiz berri bat, posizioak desegin eta mahaian posizio berri bat berregiten zuena. Kolpe bat baina biderkatzailea, energia bat baina exotermikoa; tira, billar efektua lortzea bazen zerbait, bai.

Gauzak diren moduan esanda, oro har, ekintza armatuen eskutik zetorren «billar efektua» esamoldearen erabilpena. Han-hemen kolpatu, eta arrakalak eta lurrikarak ia nonahi ikus zitezkeen urteetan. Denborarekin, baina, esamoldea zaharkituta gelditu eta erabiltzeari utzi zitzaion. Errealitatearekin lotura galdua zuen nonbait, eta ohiko hizkeratik desagertzeak, nolabait, borroka armatua eta billar efektua ez zirela jada ezkongarri erakusten zuen.

Urriaren 20ko hauteskundeetara abertzaleak batuta joateko proposamenaren inguruko zalapartak billar efektua bueltan dela, benetakoa dela eta inoiz baino indar handiagorekin ikus daitekeela frogatu du niretzat.

Proposamen zaharra dena berez, Txibertan ala Bergaran aspaldi plazaratutakoa, egungo testuinguru politikoan sekulako txupinazoa izan da. Jo, bola hori bota eta bota dituen boloak! Ene, ene! Ikusi besterik ez dago. Aralarrek bat egin du, eta zoriontzekoa da, baina barnean zatituta. NaBaiko espektakulu tristeaz zer esan. UPNko pitzadura latza izan da gero; Sanzek eta Barcinak labana zorrotz, alderdia odolustu eta puskatzeko zoriraino. Bakea egin omen dute, bake zikina dena, baina UPNn ez da egundo giro izango.

Ikaragarria iruditzen zait momentu politiko honen potentziala, eta horren lekuko dira proposamen sinple horrekin hankaz gora joan diren oreka faltsuak, eta, bereziki, Nafarroan ireki den aukera. Billar karanbola perfektua!

Jokoan dagoena asko delako, jokoa desegitea ezinbestekoa izan zen jokoaren onerako. Ekintzarik onena ekintza eza izan daitekeela edo Tourra irabazteko etapa guztiak ez direla zertan irabazi behar barneratu zen. Eta galtzen ere ikasita, bidelagunei etapak eta loriak eskainita, irabaziko dugula. Gure egia, gure eza, gure ezinak eta errakuntzak ezagututa, baina gure indarra, potentziala eta erabakimena aitortuta.

Billar efektua errekuperatzea larreostiakoa da. Gogoz eta jokoarekin gaude. Mugi daitezela bola guztiak. Luza egurra!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo