GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria

Balizko olak, burdinarik ez

Non daude hemengo (eta EBko) ekonomialari heterodoxoak? Zeintzuk dira EBrako proposatzen dituzten (ezer proposatzekotan!) irtenbideak?

Zer gertatuko litzateke baldin eta Euskal Herria politikoki errepublika independentea balitz, bere ikurrina eta guzti? Zer-nolako moneta politika eta politika fiskala erabiliko lirateke hemen?

Hona hemen bi eredu interesgarri eta oso adierazgarri: Australia politikoki independentea da, bere moneta dauka, baita gobernu demokratikoa ere. Hala ere, ekonomia arloan kritikak etengabekoak dira: kasu, Bill Mitchell-ek behin eta berriz azaltzen dituenak. Bigarrena, Ameriketako Estatu Batuen eredua. Guztiok dakigu zer diren AEBak eta zer-nolako rola jokatzen duten mundu mailan. Dena den, ondoan aipatuko den iritzi aldaketa erabat sakona eta esplika ezina da.

Izan ere, Ben Bernanke Fed-eko nagusiak argi omen zeukan zergen afera eta Fed-etik merkataritza banku batera doan mailegatze prozesua. Fed-ek ez du behar inolako zergen biltzea, gero biltze horretatik maileguak gauzatzeko, bi prozesu erabat desberdinak baitira. Izan ere, maileguz egiteko, konputagailua erabiltzea da arazo bakarra, hots, edozein bankuk Fed-en daukan kontuko kantitatea handitzea. Orain, aldiz, Bernanke iritziz aldatu da. Aldaketa hori Warren Mosler-ek kritikatu du, sakonki gainera. Eta ondorio ezin txarragoak hortxe daude.

Demagun goian aipaturiko egoera. Balizko hipotesi horretan, Euskal Herria independentea izanik, Europar Batasunako (EB) kidea izango litzakete, baina orain, bederen, espainiar eta frantziar estatuetatik at.

Dakigunez, EBn dagoen egoera ez da batere ona. Alderantziz, zenbait herrialde krisiak jota daude. Hori dela eta, Randall Wray-k, mundu mailako ekonomia analizatuz, eta EBko ekonomiaren egoera, guztien artean okerrena dela baieztatu eta gero, EBrako hiru aterabide posible ikusten ditu: eurogunea uztea, herrialde bakoitzak bere aurreko monetari eutsiz; eurogunean segitzea baina eurotan izendaturiko zorrak ez ordaintzea; eta batera segitzea baina EBren berreraketa eginez, zorrak birformulatuz eta jaitsiz, autoritate fiskal orokor bat sortuz, AEBetako Altxor Publikoaren antzekoa izan daitekeena.

Beste aldetik, Mosler-ek Obama presidenteari eta AEBetako Kongresuko kideei ohar bat bidali die orain dela gutxi. Hona hemen oharraren funtsa: «(1) Defizitaren murrizketak gure aurrezkiak kentzen ditu. Hortaz, ez kendu gure aurrezkiak! (2) Zor nazionala deitzen zaio, baina AEBetako Altxor Publikoko tituluak Erreserba Federal Bankuan (Fed-n) dauden aurrezki kontuak besterik ez dira. (3) Zor federala munduko dolar aurrezkiak dira, azken penny-raino! (4) AEBetako defizitaren erlojua munduko dolar aurrezkien erlojua da ere, azken penny-raino! (5) Ez da existitzen epe luzeko defizit federalaren arazorik den bezalako gauzarik. (6) AEBetako Gobernuak ezin ditu dolarrak bukatu. (7) AEBetako Gobernuaren gastua ez dago atzerritar mailegu-emaileen menpe. (8) AEBetako Gobernuak ezin du inoiz ukan Greziak daukan bezalako funts krisirik, bere moneta jaulkitzen duen edozein jaulkitzailerentzako ez baita existitzen horrelako gauzarik. (9) AEBetako Gobernuaren interes tasak Erreserba Federal Bankuaren kontrolpean daude, ez merkatu indarren menpe. (10) Enplegu osoa lortzen dugunean dagoen arriskua prezio handiagoak dira, ez insolbentzia, ezta funts krisirik ere».

«Beraz, gure langabezia handia eta makaldutako ekonomia kontuan harturik, informaturiko Kongresu bat eztabaida sutsuan egon beharko litzateke federal gastua handitzeaz, edo zergak jaisteaz».

Bide beretik, irailaren 2an, aparteko eskutitz on eta eder bat zuzendu dio Obama presidenteari berari, «If I were President Obama» tituluarekin, hots, Presidente Obama banintz. Antzeko gauza bat proposatu berri du Randall Wray-k irailaren 8an, «The Country Needs a New Deal». Gauza bertsua Bill Mitchell-ek, irailaren 9an, «It is easy to create jobs». (Agian hurrengo batean ukituko dugu).

Non daude hemengo (eta EBko) ekonomialari heterodoxoak? Zeintzuk dira EBrako proposatzen dituzten (ezer proposatzekotan!) irtenbideak? Eta Euskal Herri osorako irtenbideak?

Bitartean, hemengo ortodoxiak argi dauka bere proiektu ekonomikoa. (Caveat: hemengo sasi ezkertiar askok proiektu berbera daukate). Baina heterodoxiak badauka non ikas. Hona hemen, Wray-ren eskutik, diru-teoria modernoa ikasi nahi dutenentzako aparteko sarrera eder bat, astero azalduko dena eta urtebete iraungo duena: http://neweconomicperspectives.blogspot.com/p/modern-money-primer-under-construction.html.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo