GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ziaboga artean, errauskailuari ezetza eta atez atekoari baietza eman diote

Zubietan eraiki nahi duten errausketa plantaren obrak berehala eteteko exijitu zuen atzo Donostian Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak. Bildutako dozenaka lagunek moratoria bat eskatu zuten atez ateko bilketa eraginkorragoa dela frogatzeko.

p021_f01_031x031.jpg

Oihana LLORENTE |

Donostiako Zubieta auzoan eraiki nahi duten hondakinen errausketa plantari ezetza agertzeko giza katea egin zuten atzo dozenaka lagunek Kontxako hondartzan.

Kontxako estropaden bigarren jardunaldiak biltzen duen jendetza baliatuz, Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak errauskailuaren aukera baztertu eta hondakinen bilketa selektiboaren aldeko informazioa zabaldu zuen.

Alderdi Ederren ekin zioten protestari, gizonezkoen estropada hasi baino ordu erdi lehenago. «Errausketarik ez! Atez ate bai! Moratoria» zioen pankarta erraldoia zabaldu ostean, hamarka lagun batu ziren haren atzean. Estropadak iraun bitartean, Kontxako hondartzan barrena ibili ziren bildutakoak errausketaren kontrako puxika urdinak eta Zubietako plantak gizakion osasunari dakarkion arriskuaz ohartarazten zuten kartelak eskuan hartuta.

Koordinakundeko kide Juanmi Galatasek GARAri azaldu zionez, urtero egiten duten protesta honekin, errausketa planta eraikitzeko Zubietan abiatutako obrak gelditzea eta bestelako zabor bilketak eraginkorragoak direla frogatzeko moratoria exijitzea dute helburu.

Gipuzkoan azken hauteskundeetan aldaketa handiak eman diren arren, «gauzak ez dira oraindik konpondu», Galatasen iritziko, eta errauskailuaren obrak aurrera jarraitzea eta moratoria oraindik eman ez izana gogor kritikatu zuen. «Hau guztia lehenbailehen geratu behar da», gehitu zuen errauskailuaren aurkako ekintzaileak.

Atez ateko bilketaren alde

Zaborren bilketa selektiboaren aldeko mezua plazaratu ostean, atez ateko sistemaren alde lan egiteko deia egin zien Galatasek Gipuzkoako udalerri handi zein txikiei.

Usurbilen, Hernanin edota Oiartzunen martxan den atez ateko zabor bilketa oso egoki ikusten du Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak. Izan ere, aipatutako hiru herri horietan zaborren %80 birziklatzen den bitartean, Gipuzkoa osoan zaborren %25 eta %30 artean soilik birziklatzen da koordinakundeko kideek nabarmendu zutenez.

Atzoko protesta azkena izateko itxaropena ere agertu zuen Galatesek. Horren erakusle, hurrengo urtean errausketa planta baztertuta geratu dela ospatzeko batuko direla aurreratu zuen Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeko kideak.

Protestan parte hartu zutenak hondartzan zeuden bitartean, Alderdi Ederren bildutako herritarrek errausketa plantaren kalteen inguruko eta hondakinen bilketa selektiboaren aldeko informazioa jaso ahal izan zuten ikusgai zeuden panelen bitartez. Horietan, Zubietan eraiki nahi duten errausketa planta oso garestia dela, lanpostuak sortzen ez dituela, airearen kutsadura eragiten duela eta errauts, iragazki eta zepa toxikoak sortzen dituela salatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo