GARA > Idatzia > Euskal Herria

Giro ezin hobean agurtu ditu Donostiak aurtengo Euskal Jaiak

p022_f01.jpg

GARA |

Giro ezin hobean eta parte hartze handiarekin agurtu zituen atzo Donostiak aurtengo Euskal Jaiak. Izan ere, Gipuzkoako hiriburuan euskal ohiturak indartzeko asmoz irail hasieran antolatzen diren ekitaldiek atzo izan zuten azken eguna.

Joan den irailaren 1ean Euskal Jaiak kirol ekitaldiekin hasi zirenetik, makina bat ikuskizunen artean hautatzeko aukera izan dute donostiarrek zein kanpotik heldutako bisitariek, atzoko sardina jan arrakastatsua kasu. Kirolari dagokionez, Kontxako estropada ezagunek bereganatzen dute batik bat herritarren arreta. Haatik, horren ezagunak ez diren lasto altxatze, txinga eta trontzalari txapelketekin gozatzeko aukera ere izan dute herritarrek. Makina bat pilota partida ere izan dituzte kirolzaleek.

Jan eta edana nonahi

Eguraldiak lagundu ez zuen arren, irailaren 3an Donostiako Euskal Jaien baitan ospatutako Sagardo Egunak ere arrakasta lortu zuen. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Donostia Kulturak antolatutako ekimenak makina bat herritar bildu zituen sagardoaren epelera. Sagardo Egunaz gainera, sabela asetzeko aukera gehiago ere izan dira irail hasiera honetan Donostian, ohiko marmitako edota sardina janek ez baitute hutsik egin.

Trikitiari buruzko jardunaldiak, antzezlanak, poesia errezitaldiak eta zinema emanaldiak ere ez dira falta izan Donostian egunotan. Etxeko txikienak ere gogoan izan dituzte, eta, hala, larunbatean, gogotik gozatu zuten haurrek dragoiaren jaitsierarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo