ITSASOA
«Euskararen erabilera indartzeko harremanak sendotu behar dira»
Iban Ithurbide Angeluko surflaria da. Surf txapelketetan lehiatzen zein epaile lanak egiten esperientzia handia du. Aurten, hirugarren urtez jarraian, Glisseguneko surf txapelketaren antolaketa lanetan buru-belarri dabil. Euskararen erabilera indartzeko antolatutako ekimen honen nondik norakoak azaldu dizkigu, eta Iparraldean surfak bizi duen momentu interesgarriaren berri ere eman digu.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA |
Glisseguna euskararen erabilera bultzatzeko Ipar Euskal Herriko ikastolak biltzen dituen Seaska elkarteak antolatutako ekimena da. Ideia Seaskako haurren gurasoek izan zuten, ikastoletan egindako azterketa soziolinguistiko baten ostean.
Lehen urteetan surfa zen Glissegunaren ardatz bakarra, baina gerora alokatutako skate arrapalak ere jartzen hasi ziren; egun, egitaraua izugarri zabala da. Orain bi urte leku aldaketa egin zuten eta egun Angeluko skate pistaren ondoan ospatzen da eguna, La Barre hondartzaren ondoan. Bertan, surflariak, skaterrak, rollerrak, Hawaiiar piraguan arraun egiten duten kideak, sorosle taulekin dabiltzanak... biltzen dira. Horrez gain, itsas jardueren berri ematen duten informazio guneak ere izaten dira.
Ekimen gehienak Glissegunean bertan egiten dira, igandean, baina badira beste egun batzuetan egiten diren jarduerak ere. Esate baterako, bi aste lehenago surf egiteko zailtasun fisikoak dituzten haurrak biltzen dira Hendaian, eta ezindu fisikoekin lan egiten duen elkarte baten eskutik itsasoratzeko aukera eskaintzen zaie.
Glissegunaren barruan surf txapelketa ere egiten da; aurten, gainera, bi egunekoa izango da. Surf txapelketaren berri jakiteko Ander Ithurbide angeluarrarekin solasean izan gara. Bera da surf txapelketaren arduradun nagusia. Hona hemen Anderrek esandakoak.
Nola hasi zinen Glisseguneko surf txapelketa antolatzen? Konta iezaguzu zure ibilbidea nolakoa izan den.
Surf egiten 7 urterekin hasi nintzen. Lehen txapelketa 12 urterekin egin nuen eta hortik aurrera lehiaketa askotan hartu nuen parte; 16 urte nituela, adibidez, Frantziako Txapelketan zortzigarren postua lortu nuen. 2004an Frantziako Surf Txapelketa Unibertsitarioa irabazi nuen, eta, ostean, txapelketetan epaile lanak egiten hasi nintzen.
Nire anaiaren lagun on bat, Thiery Vidal ASP Europe elkarteko epaile nagusia, norbait formatzeko asmotan zebilen, eta nire lehiakide esperientzia kontuan hartuta, epaile lanak egiten ikasteko egoki ikusi ninduen. Uda osoan aritu nintzen berarekin ikasten. Horrela, 2002 eta 2006 artean ASP Europeko txapelketetan epaile lanak egiten aritu nintzen. 2006 eta 2009 artean, berriz, munduan zehar ibili nintzen goi mailako txapelketetan.
WCT zirkuituko zazpi txapelketetan egin ditut epaile lanak: Frantzian, hiru bider, Hossegorren; 2008an, Brasilen; ostean, Hegoafrikan lan egin nuen Jeffreys Bayko txapelketa ospetsuan; eta Indonesian ere izana naiz, Uluwatun egin zen RIP Curl Search txapelketan.
Nolatan utzi zenuen WCTko epaile lana?
Hemen geratu eta bertako proiektuetan lan egiteko gogoa nuen, horregatik Glisseguna antolatzeko proposamena jaso nuenean gustura hartu nuen erronka. Gainera, nire esperientziaz balia nintekeela pentsatu nuen. Bertako proiektuetan lan egitea maite dut. Aurten, esaterako, Korrikaren 17. edizioaren Iparraldeko koordinatzailea izan naiz eta oso gustura aritu naiz.
Nolakoak izan ziren Glissegunaren hastapenak?
Aurtengoa antolatzen den bederatzigarren Glisseguna da. Seaskako kideek euskara indartzeko ekimen bat antolatu nahi zuten kostaldean, eta, inguru hauetan surfak duen presentzia itzela kontuan hartuta, surflariekin batera ekimen bat antolatu behar zutela pentsatu zuten.
Hastapenetan, Estelle Seaskako kidea nire anaiarekin harremanetan jarri zen. Nire anaia Uhaina surf eskolako arduraduna da, eta, txapelketa antolatzeko laguntza emateaz gain, Glissegunean doako surf ikastaroak eskaintzen ditu.
Lehen urte haietan Hegoaldean ere kontaktuak egin zituzten; Eneko Acero Getxoko surflari profesionala etortzen zen eta animazioetan laguntzen zuen. Garai hartan ez zen lehiaketa egiten eta ekimena Angeluko Sables d'Or gunean egiten zen. Pixkanaka, urtero urrats berriak eman dira eta azken urteetan aldaketa anitz izan da.
Nolakoa izan da Glisseguneko surf txapelketaren ibilbidea?
Lehen urtean, 2008an, txapelketa oso xumea izan zen. Oso lehiakide gutxirekin egin zen; ni ez nintzen izan, ASPko txapelketetan epaile lanak egiten ari nintzen garaia baitzen, baina bitarteko gutxirekin egindako txapelketa izan zela badakit. Bigarrenean hasi nintzen txapelketa antolatzen, gunea Zaldunen hondartzara mugitzea erabaki zen urte berean.
2009ko txapelketan hogei lehiakide izan ziren eta formatu klasikoan egin genuen txapelketa, kategoria bakarrean eta egun batean. Txapelketa hartan geure artean giroa sortu zen eta hurrengo urterako aldaketa batzuk egitea pentsatu genuen. Esate baterako, txapelketa hartan parte hartu zuten lehiakideek surf maila ona zuten, eta guk ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi genuen.
Iaz 80 parte-hartzaile izan ziren eta kategoria berriak gehitu genituen: 16 urte bitarteko kategoria, neskena eta Tag Team edo taldekako lehia. Partaidetza handitzea lortu genuen, baita maila guztietako jendea biltzea ere. Adin eta maila guztietako jendea izan zen eta giro oso ona izan zen; mozorrotuta itsasoratu zenik ere izan zen.
Aurten urrats berriak emango ditugu. Aldaketa anitz izango da. Lehen aldiz bi eguneko txapelketa egingo dugu, izan ere, iaz denborarekin oso larri ibili ginen. Hainbat lehiakide lehen txandan kaleratuta geratu ziren iaz, eta, horregatik, aurten, gure asmoa lehen txandan kanporatutakoei bigarren aukera bat eskaintzea da, ez daitezela etxeratu behin bakarrik itsasoratuta.
Gainera, taldekako lehiaketak izango du garrantzia (Tag Team). Modalitate honetan, talde bakoitzean olatu bikoitza egin dezakeen kide bat izaten da. Kide horrek olatu on bat egiten duenean bi besoak jaso behar ditu epaileek olatu bikoitza bezala puntua dezaten. Aurten, besoak jasotzearekin batera, euskaraz esaldi bat esan beharko du, eta taldekideek hondartzatik lagundu beharko diote, esandako hitzak ozen entzun daitezen. Horrez gain, taldeek sokatira saioa ere egin beharko dute hondartzan. Itsasoa oso zakar ez badago, horretaz guztiaz gain taldekideek mozorrotuta hartu beharko dituzte olatuak.
Aurten izango den beste berrikuntza bat bodyboard txapelketa izango da. Hauek ere lehen aipatutako baldintzak bete beharko dituzte lehiatzeko, hau da, mozorroa janztea, besoak jaso behar dituenak euskaraz esan beharreko esaldia eta sokatira saioa. Beraz, lau modalitate izango dira guztira: bodyboard txapelketa, 16 urtez azpitiko kategoria, neskak eta kategoria irekia. Izena emateko, goizean goiz txapelketa eremuan bertan eman ahal izango da.
Larunbat arratsean, askari bat egingo dugu hurbildu nahi duen ororentzat; musika, parrillan egindako jakiak, edariak... izango dira. Beraz, giro onean lehiakideak biltzeko parada izango da.
Igandean, berriz, sari banaketa egingo dugu Glisseguneko gunean, arratsaldeko seiak aldera. Lehiakide onenek sari guztiak eraman ez ditzaten hainbat gauza zozketatuko ditugu parte-hartzaile guztien artean: bi surf taula, neoprenoak, eguzkitako betaurrekoak... Zorionez, gero eta babesle gehiago ditugu eta sari asko izango dira.
Ekimenaren irudiak hartu eta bideoklipa egingo duen lagun bat ere izango da. Gero, Interneten zintzilikatuko ditugu irudiak denek ikusi ahal izan ditzaten. Beraz, aurtengoan gauza anitz izango da; ez da aspertzeko betarik izanen.
Surflarien artean euskara indartzen ari al da Iparraldean?
Momentu honetan ez dugu elkarterik, horretan ari gara. Glissegunaren antolaketak Iparraldeko surflariak elkartuko dituen elkarte bat sortzeko indarra eman digu. Txapelketa antolatzeko jendea bildu gara, gero parte hartzen ere jendea biltzen da; beraz, begi bistakoa da denen artean zerbait egin daitekeela. Orain Iparraldeko surflariak batu eta lanean hastea baino ez da geratzen. Elkarte bat bitarteko egokia izan daiteke ekimenak antolatu eta Hegoaldeko elkarteekin harremanak lantzeko. Talde moduan antolatuta errazagoa izango da zenbait gauza egitea. Surfa eta euskara lantzeko tresna egokia izan daiteke.
Euskararen egoera oso desberdina da Euskal Herriko txoko zein arlo desberdinetan. Iparraldeko egoera zinez berezia eta larria da. Anderri galdegin diogu surf munduan euskarak egun bizi duen egoera zein den.
Nolakoa da euskararen egoera Iparraldeko surflarien artean?
Uretan euskara oso gutxi entzuten da. Batzuetan Hegoaldeko surflariak etortzen dira eta orduan zerbait gehiago entzuten da, baina orokorrean euskarak ez du olatu artean oihartzunik.
Zein da Iparraldeko surflariek euskararekiko duten jarrera?
Ez da belaunaldien arteko transmisiorik izan. Jende asko dago euskaraz ez dakiena; aldiz, beraien gurasoek bazekiten euskaraz hitz egiten. Jende hori, nahiz eta euskaraz hitz egiten jakin ez, euskalduna sentitzen da; hala, Glisseguna bezalako ekimenetan gustura sentitzen da. Parte hartzen dute eta hori lehen urratsa da. Glisseguna bezalako ekimenak oso garrantzitsuak dira jende hori guztia bildu eta euskararen erabilera bultzatzeko. Jendea biltzea lortzen duten ekimenak bitarteko egokiak dira.
Beraz, jendea biltzea garrantzitsua da?
Bai, jendea bilduta harremanak lantzen dira. Euskaraz hitz egiten dugunon artean harremanak lantzen ditugun heinean, euskararen erabilera ere indartzen ari gara; azken finean, hizkuntza harremanetarako tresna bat da.
Hegoaldeko surflariekin harremanetan izatea ere oso garrantzitsua da. Denak leku berdinetan aritzen gara surfean; gu Mundakara edo Sopelara joaten gara eta Hegoaldekoak Angelura etortzen dira. Leku berberetan izaten gara, elkar gurutzatzen gara, baina ez dugu elkar ezagutzen. Elkar ezagutzetik hasi behar dugu, hori da lehen urratsa.
Aurrera begira zer egin beharko litzateke zure ustez euskararen erabilera indartzeko?
Badira gauza anitz egiteko: Glisseguna bezalako ekimenak egiten jarraitu, harremanak landu eta sendotu, Iparraldeko surflariak bilduko dituen elkarte bat sortu... Ikastoletan surfa txertatzea ere ongi legoke, barnealdekoak kirol honetara hurbiltzeko balio baitezake; surfa soilik turistek egiten duten kirola ez dela ikus dezakete. Kostaldeko haurrek, berriz, euskaraz ere surf egin daitekeela ikus dezakete.