GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Erresumetan dena da bertan irautea

Alardeak jaso du aurten ere protagonismoa. Irailaren 8ro hedabideen arreta bereganatzeko ohitura galtzen hasita zegoen Hondarribiko herria; hortaz, pozik eta harro ibiliko dira zabor-poltsa beltzak eta aterkiak eramaten dituzten horiek, jakina baita ohitura eta horri eustea erlijio dutela, funtsa egun sinestezina bezain diskriminatzailea izan arren. Gezurra badirudi ere, badago han jendea hamabost urte daramana, bidezkoaren zilegitasuna oinarri, noizbait egoera oso bestelakoa izango den ziurtasunaren izenean, desfilatzen. Laido eta mehatxu, txistu eta gorroto artean. Hangoak eta han-hemenkakoak, haien itxaropena, batzuetan ezak irabazi arren, beste askorena baita, jendarte matxista eta bigarren mailako herritarrez josirikoa arbuiatzen dugunona, hain zuzen. Eta elkartasunik gabe ez dugula zereginik dakigunona, bestalde.

Hondarribiko Josu laguna etortzen zait beti burura; hasierako garai haietako iluntze batean etsipenak jota kuadrillakoek eraso egin ziotela burumakur kontatzen. Alarde mistoan parte hartzeagatik barrabiletako arazo serioa eta lagun eza irabazi zituen, eta guk horiek ez zirela merezi duten lagunak eta hobe egongo zela haiek gabe esaten genionean, «zuek ez zarete nire herrikoak eta ez daukazue ideia putarik» erantzunez sentitzen zen are bakartiago. Barrabilek aurrera egin zuten moduan, Josuk ere jarraitu du alarde mistoan parte hartzen eta, horrela, Jaizkibel konpainia, errenditu ez ezik, handitu ere egin da urtetik urtera. Gainera, bazirudien azken urteotan irabazia zuela nolabaiteko garaipena, normalizazioari, eta ondorioz, emakumeen eskubideen aitortzari dagokienez, hain tresna baliagarria zaiena politikariei.

Politikariak-erakundeak- eurak izatea hain justu hori boikotatzen eta eragozten dutenak zer jitetakoak, hitz leuna erabiltzearren, ditugun baino ez du erakusten. «Segurtasuna, biltzeko eta bizikidetza bakezalerako eskubideak» baliatu ditu Ares Barne sailburuak berdintasun eskubidearen gainetik, agertoki publikoan ez baita sekula onartuko erabaki askoren atzean saldukeria, alderdikeria, «gaur zugatik, bihar nigatik» estiloa dela nagusi; ez baita onartuko segun eta zein herritarren hitza hutsaren hurrengoa dela euren bulegoetan, eta esan liteke, euren erresumetan, epaiak gorabehera.

Kasu honetan, Aresen erresuma segurtasuna eta hori bermatzeko baliabide guztiak dira, besteak beste, ertzainen desfile paraleloa zein ibilbide eta ordutegi-aldaketak, eta baliabide horiek beste batzuen zerbitzura jarri dira, «potro-zorria» ezkutarazi nahi dutenen eskura, hain zuzen. Hondarribiko Udalak, «gehiengo» hitz magikoaren izenean, nahi bezala: desfilearen aurpegi eta protagonista gizonezkoa eta apaingarri hutsa emakume bakarra. Behar den lekuan kargu hartzekoa iruditzen zait Hondarribiko emakumeentzako, guztientzako, atzerapauso erraldoi hau erakundeetatik bultzatu eta defendatu izana; Emakunderen jarrera, berriz, lotsagarria, baina zer espero dezakegu erresumetan dena baldin bada bertan irautea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo