GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Waltari eta Lanbert dira udako azken torneo handiko faboritoak

Jon LEUNDA I

Waltari eta Lanbert dira udako azken torneo handia irabazteko faborito nagusiak. Beraiek eskuratu dituzte aurten Binakako Txapelketa eta Masterra, binaka jokatzen diren bi lehiaketarik garrantzitsuenak, eta, orain, denboraldia Saran irabaziz amaitu nahi dute.

Gaur hasi eta etzi arratsaldean amaituko da Sarako Torneoa, bertako jaien barruan antolatzen den lehiaketa. Bertan, egungo pilotaririk onenetakoak arituko dira. Gaur bi finalerdiak jokatuko dira, 17.00etan hasiko den jaialdian. Bihar atseden hartu ostean, etzi emango zaio amaiera txapelketari finalarekin.

Gaurko lehen finalerdian, Larretxea eta Ezkurra II.ak Ibarrolaren eta Kurutxariren aurka neurtuko dituzte indarrak. Dirua Larretxearen eta Ezkurraren alde aterako da. Zuraideko aurrelariak urte hasierako arazoak bazterrean utzi ditu jada, eta, hala, uda oso ona burutzen ari da. Saran baieztatu nahi du orain arte emandako guztia. Atzean, Paxkal Ezkurrak ere bere jokoa asko hobetu du, eta bide horretan jarraitu nahi du Superprestigiora garaipenaren bila joan ahal izateko. Aurkariak, berriz, Ibarrola eta Kurutxari, ez dira beren boladarik onenean. Udaberrian askoz ere freskoago egon ziren, eta zaleek ez dizkiete finalera heltzeko aukera handiegirik ematen.

Bigarren finalerdian, Waltari eta Lanbert Alfaroren eta Etxetoren aurka neurtuko dira. Waltari tartean bada, beti izaten da faborito. Kubakoak, gainera, gibelean aurtengo bi lehiaketa garrantzitsuetan izan duen laguna izango du. Sarako trinketa zahar horietakoa da, eta hori amerikarrarentzat oztopo izan daiteke, jadanik horrelako trinketetan ere ez dela gaizki moldatzen erakutsi badu ere. Hala ere, kontuan izan beharko du Etxeto, atzelaririk onena, izango duela aurrean.

Bi finalerdietako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute final handia. Etzi arratsaldean jokatuko da, 18.30etik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo