GARA > Idatzia > Kultura

«Ametsetan hasten garenean ez dago bueltarik»

p058_f01.jpg

Xabier ERKIZIA I Ertz jaialdiaren antolatzailea

Joan den ostiralean hasi zen hamabigarren Ertz, Berako herritar pila batek parte hartu zuen opereta batekin. Abesbatza, antzerkilariak, bertsolariak, txistulariak... 90 pertsona elkartu ziren, eta inork ez zekien zer gertatuko zen, denek batera zerbait eginez ongi pasatzea baitzen garrantzitsuena. Larunbatera arte errealitatea bertze modu batera bizitzeko proposamenak izanen dira Donostian eta Hazparnen.

Maider IANTZI |

Sandra Cuesta, Lionel Marchetti, Frederic Jouanlong, Jose Manuel Berenguer, Carlos Gomez, Oier Etxeberria... Profil hagitz ezberdineko jendea gonbidatu dute aurten ere Ertz Bertze Musiken Jaialdira. Xabier Erkiziak azaldu digunez, eurekin duten tratu humanoak garrantzi handia du, ekitaldiak lagun giroan egin nahi dituztelako. «Badakite hau jaialdi txiki bat dela, ez dela inor aberasten den leku bat inondik ere, baizik eta guk ezohiko egoera bat ziurtatzen dugula, behin ere ahantziko ez dutena». Gauza ezberdinak konbinatu dituzte, ahalik eta alor gehien betetzeko, eta jende guztia gonbidatzen dute parte hartzera.

Aurten ere erran al diezue antolatzaileek zeuen buruari hau izanen dela azken jaialdia?

Kuriosoa da, jaialdiaren aurkezpen testuan hori idatzi genuenetik jende dezentek galdetu digu ea hau den azkeneko edizioa, eta, egia erran, ez dugu hala planteatu. Beharbada, aurrekontuetan hainbertze murrizketa dauden garaiotan, horren inguruko hausnarketa bezala balio dezake. Kontua da inoiz ez dakigula heldu den urtean baliabideak izanen ditugun jaialdia antolatzeko. Baina bada elementu bat, batzuek pasioa deitzen diotena, azkenean heldu den urterako planak egiten hastera behartzen gaituena. Ametsetan hastea da, eta ametsetan hasten garenean ez dago bueltarik.

Ez zaretela esperimentalak aldarrikatzen duzue, baina eguneroko gauzak pasioz bizi nahi dituzuela.

Egiten ditugun gauzak nahiko normalak dira, edo hala iruditzen zaigu behintzat. Adibidez, iturginen biltegi batean performance bat eginaraztea iturginak egunero egiten duen gauza da. Nahiz eta batzuetan ekintzak estetikoki arraroak izan, azkenean gure helburua ingurune bat bertze modu batera ezagutzea da. Berdina erran daiteke egiten ditugun proposamen guztien inguruan. Egunero bizi dugun errealitate hori bertze modu batera bizitzen dugu, eta horretarako esperimentatu egin behar dugu, bertzela egunerokotasun hori horretan mantentzen delako eta kontzertu bat ohiko kontzertu bihurtzen delako eta batzuetan kosta egiten zaigulako entzutea.

Ideia hori izanen litzateke jaialdi honen funtsa?

Nik uste dut baietz, eta ez oraintxetik, hasieratik. Gure helburua jakina badela kultura homogeneizatu batetik kanpoko proposamenei leiho bat irekitzea, baina horren gainetik uste dut badela heldu den jendeari -musikariak, entzuleak, kuriositatea dutenak eta bidean topatu daitekeen edozein pertsona, denak maila berean- esperientzia komun ezberdin bat eskaintzea. Errealitateari punta batzuk ateratzea, errealitatea irakurtzeko liburu berriak sortzea. Hori da guretzat jaialdiaren arrazoi nagusietako bat, eta, gainera, jarraitzera bultzatzen gaituena. Gure burua zalantzan jartzera behartzen gaitu etengabe. Adibidez, aurten programatutako ekintza gehienak ez dakigu nola gertatuko diren.

Ezusteak leku handia du, beraz.

Antolatzaile bezala zehazki baldin badakigu non dauden mugak eta non hasten den eta non bukatzen den gauza bakoitza guretzat esperimental izateari uzten dio, eta halako botere bat ematen digu errateko: «Orain ikusiko duzue, hau edo hura gertatuko da». Baina ez da hori. Guk ere bat gehiago izan nahi dugu, ez dugu eduki nahi bertzeek ez duten informaziorik.

Egitaraua hagitz ekitaldi desberdinez beteta dago. Hirugarren Belarria izeneko ekimena, adibidez, berria da, ezta?

Alderdi teorikoa landuko duten proposamen batzuk sartzen saiatzen gara, jaialdiaz ulertzen dugun kontzeptua ahalik eta gehien zabaltzeko. Gure helburua bada errealitatea ulertzeko bertze modu horiek ahalik eta modurik zabalenean erakustea, horrek ekartzen du ez bakarrik ariketa estetikoak egitea, baizik eta horiei buruz mintzatzea. Hirugarren Belarria aspaldiko ametsa zen, jardunaldi batzuk egitea entzumenari buruz modu zabalenean solastatzeko aukera emango ziguten hizlariekin, jatorri eta esperientzia desberdinetako pertsonek entzumenaren ertz horiek erakusteko. Jaialdiari bertze dimentsio bat ematen dio historiatik, filosofiatik edo bertze alorretatik etorritako jendea sartzeak artista bat gehiago balitz bezala eta publiko ezberdinetara zabaltzeak. Hirugarren Belarri honek arlo sozialean, politikoan, kulturalean dauden bertze agente mordo bati deitu nahi dio, azkenean denok entzuten dugulako. Esaldi famatu batek dioen bezala, belarriek ez dute betazalik, begiak ixten ahal ditugun bezala belarriak ezin ditugu itxi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo