GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKA Euskal Kostaldeko Maitaldia

Franz Liszten «Erromesaldi urteak»

Maite IDIRIN I

Horiek horrela, F. Lisztek hiru urteko erromesaldian konposaturiko musika eta testu idatziak erabili zituzten lotura kausitu bat lortzeko. Kontzertuak bost ordu eta erdi iraun zituen hasieratik amaierara. Halere, agerpen bat merezi du esaldiak. Lehen orduan, Suitzatik egindako ibilaldi bat izan zen. Naturaren (Wallenstand lakua) eta pertsonaia batzuen (Gillermo Tellen kapera, eta abar) aipamenekin osaturiko erraldi labur batzuen ondotik, bederatzi konposizio musikal zati entzun genituen, bikain interpretaturik. Ordubeteko pausak jarraitu zion lehen emanaldiari, zeinetan Baionako Udaleko hiru turismo gidarik katedralaren hurbileko sekretuez beteriko parte zaharra erakutsi ziguten.

Kontzertuaren bigarren emanaldian F. Lisztek Italiatik egindako erromesaldia entzun genuen, barne zituela, pasarte bezala, «Ezkontza», «Pentsalaria», «Canzonetta», Petrarkari buruzko hiru soneto eta «Dante»; irakurketekin eta pianozko joaldiekin ilustratu gintuzten gainera. Victor Hugori hartutako izenburupean infernuari buruz ere jarduten dela ezin dugu ahantzi. Kontzertuko zati luzeena izateaz gain, inpresionantea ere bada. Teknikoki zailtasun guztiak ditu, eta Mûza Rubackytek goreneko teknika eta artista bihotza dituela erakutsi zuen. Harrituta utzi gintuen! «Venezia» eta «Napoli» izeneko bi konposizio txiki ere interpretatu zizkigun.

Ordubeteko tarte baten ondotik, zeinetan ezusteko otamen bat ukan genuen, hirugarren eta azken erromesaldia Erromari dedikatua eskaini zitzaigun: «Angelus», «Villa Esteko zipresak», «Villa Esteko ur jokoak», «Sunt lacrymae rerum», «Hileta martxa» eta «Sursum corda» konposizioz osatuta zegoen. Emanaldi hau alai hasten bada ere, azken hiru konposizioak triste eta dramatikoak dira, hildako adiskide eta pertsonaiei dedikatuta baitaude.

Bost ordu eta erdiko emanaldiaren ondotik, txalo eta bravo anitz entzun ziren. Piano jotzaileak, bere artista bikaintasunaz gain, gure begientzako ere edertasun ekarpenak kontuan izan zituen, emanaldi bakoitzeko jantziz aldatu baitzen. Gainera, kalostra hirugarren emanaldian kandelaz argitu ziguten. Oroitzapenerako gertakizuna izan zen benetan atzokoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo