GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Zazpi Herrialdeetako Txapelketa

Puntu bakar batek erabaki du auzia Gipuzkoaren alde

Nafarroa Garaiak baino proba bat gutxiago irabazita nagusitu dira gipuzkoarrak.

p046_f01-148x96.jpg

Jon LEUNDA I

Gipuzkoak amaitu zuen herenegun, Legution, Nafarroa Garaiaren nagusitasunarekin. Hala, gipuzkoarrek irabazi dute aurten Zazpi Herrialdeetako txapela. Hori bai, nafarrekin sekulako lehia izan zuten, eta amaieran puntu bakar bateko tartea besterik ez zen izan bi taldeen artean.

Jendeak erantzun ona eman zuen euskal kirolen olinpiada ikusteko, nahiz eta beroa izan zen arratsaldeko protagonista nagusia. Hamar kirol ezberdin egin behar izan zituen talde bakoitzak, eta, aurrez iragarrita zegoen bezalaxe, sei herrialde bakarrik izan ziren, Zuberoak ezin izan baitzuen talderik osatu, eta, beraz, ez baitzuen parte hartu.

Txapelaren gakoa gipuzkoarrek izan zuten erregulartasunean egon zen. Izan ere, hamar probetatik hiru irabazi zituzten, nafarrek baino bat gutxiago. Orokorrean, aldiz, postu hobeak eskuratu zituzten, eta horrek eman zien garaipena, nahiz eta gauzak oso estu izan ziren.

Aipagarria izan zen Bizkaiak eta Arabak emandako gorakada ere. Bizkaitarrek iaz ez zuten maila ona eman; aurten, aldiz, hirugarren amaitu zuten, lehen postutik ez oso aparte gainera. Arabak, berriz, iaz oso itxura txarra eman zuen, baina aurten askoz hobeto aritu da. Agian, etxean aritzeak mesede egingo zien arabarrei.

Beste aldean Lapurdi izan zen. Iaz sekulako maila eman zuen, ikaragarrizko gorakada erakutsiz, baina aurten ez da horrela izan eta bosgarren amaitu du. Hutsune nabarmen batzuk ere izan dituzte, eta horrek kalte egin die amaierako sailkapenean. Nafarroa Behereak, berriz, esperotakoa egin du. Herrialde txikia da, eta oraindik lan asko egin behar duela ikusi zen.

Hiru kiroletan nagusi

Gipuzkoak lortutako garaipenetan ez zen inolako ezusterik izan. Harri-jasotzen gaur egun Aimar Irigoienek gainerako herrialdeetako txapeldunei koska handia kentzen die, eta hori garbi ikusi zen. Txingetan ere Juanjo Agirregabiaria besteen gainetik dago, eta debarrak ere ez zuen hutsik egin.

Lokotx-biltzen gauzak estuago izan ohi dira, baina oraingoan Eneko Garmendiak eman zion Gipuzkoari hirugarren garaipena. Lehen postu horiez gain, beste lau kiroletan bigarren izan zen Gipuzkoa: ingude-altxatzen, orga-jokoan, aizkoran eta sokatiran. Beste hirutan, berriz, bosgarren izan zen: lasto-altxatzen, trontzan eta zaku-lasterketan.

Finalaren gakoa orga-jokoan egon zen, Nafarroak bosgarren amaitu baitzuen proba hori, eta hortxe egin zion ihes garaipenak. Gainerantzean beraientzat izango zen aurtengoan ere Herrialdeetako Txapelketa. Nafarrek aizkoran, trontzan, ingude-altxatzen eta zaku-lasterketan irabazi zuten. Bizkaia lasto-altxatzen eta orga-jokoan izan zen onena, eta sokatiran, berriz, Lapurdi gailendu zen. Nafarroa Beherak eta Arabak ez zuten proba bat bera ere irabazi ahal izan. Orokorrean, ez zen izan ezuste handiegirik.

Lehia izugarria Araba eta Lapurdiren artean ere

Puntu batek ez zuen erabaki lehen postua bakarrik, baita laugarrena ere. Izan ere, Arabak Lapurdiri tarte horixe kendu zion. Lapurtarrek talde osoa aurkezteko modua izan balute, aurretik amaituko zuten seguruenik, baina kirolean egunekoak bakarrik balio du, eta, atzokoan, arabarrak hobeak izan ziren.

Final honetako gakoa, gainera, zaku lasterketan egon zen. Iaz Lapurdi izan zen onena, baina taldeko partaide batek min hartu eta ezin izan zuten lanean jardun; hori nahikoa izan zen atzera geratzeko. Gainerako kiroletan, postu bat gora bestea behera ibili ziren, sokatiran ezik, bertan Ipar Euskal Herrikoak gailendu baitziren . J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo