GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Olasagastik berriro ere mailarik onena eman du

p046_f02_088x128.jpg

J.L. I

Joxemari Olasagastik irabazi zuen atzo Gipuzkoako txapela Bedaioko pilotalekuan. Finalak sekulako ikusmina piztu zuen, jendetza handia batu baitzen bertan neurketa zuzenean ikusteko.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen. Olasagasti eta Azurmendi ziren faboritoak; bata Euskal Herriko txapelduna eta bestea Gipuzkoakoa. Atzotik aurrera Igeldokoa da bi lehiaketetako txapelduna, nahiz eta aurtengo Euskal Herrikoa jokatzeko dagoen.

Otaegik oso indartsu ekin zion atzoko finalari, eta lan erdiak bitarte aurretik joan zen. Oinbikoetan, ordea, txapeldunak gainditu egin zuen, eta hortik aurrera lasai aritu zen, gozatuz; hala, amaieran txapela nahiko eroso lortu zuen. Atzokoa irabazteaz gain, aurtengo Euskal Herrikorako ere oso kontuan hartu beharko dela ikusi zen, baita berari txapela kendu nahi dionak lana gogotik egin beharko duela ere.

Joseba Otaegik ere oso lan ona egin zuen. Zizurkildarra udazkenean Zalduaren aurka jokatu behar duen apustua prestatzen ari da. Apustua aizkoran eta korrika egin behar du, eta prestakuntza aizkorarako bakarrik egiten ari ez den arren, oso ongi dagoela ikusi zen; horrenbestez, bere bigarren postua ontzat eman daiteke. Iñaki Azurmendik ezin izan zion iazko txapelari eutsi. Arriarangoak hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Mujikarengan ere bazegoen itxaropenik, baina berak garbi zeukan mailari eustea zela helburu nagusia, eta hori bete zuen. Hori lortu ez zuena Mugertza II.a izan zen. Mutrikuar gazteak lehen parte hartzea zuen onenekin, baina datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko du.

Amaieran Olasagasti oso gustura zegoen: «Hasieran Otaegi aurretik ikusten nuen, baina erritmo onean ari nintzen, eta pasatu nezakeela ikusten nuen; oinbikoetan horixe egin dut. Gero gozatuz aritu naiz», esan zuen txapeldun berriak.

Eneko Saralegi

Eneko Saralegi leitzarrak irabazi zuen atzo bere herrian jokatu zen Gazteen Euskal Herriko Txapelketa. Aizkolari nafarrak egur erdi bateko tartea kendu zion bigarren sailkatu zen Eneko Otañori. Hirugarren, atzora arteko txapeldunak, Kortxerok, amaitu zuen. Laugarren, berriz, Olano II.ak. Azkena atzoko finaleko gazteena, Etxeberria II.a, izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo