GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Zuei!!

Amets TXURRUKA eta Markel IRIZAR I Euskaltel Euskadiko txirrindularia eta Radio Shack taldeko txirrindularia

Froome familiako kideek, beraien Britainia Handia Kenyara joateko utzi zutenean, ez zuten asko uzte izango beraien patua Kenya eta bertako ohiturei lotuta joango zenik.

Chris Froome Kenyan jaio zen ingeles familia bateko semea dugu. Zuria izan arren, bertako lagun beltzaranek bezala, hanka luze eta meharrak garatu zituen berehala. Bertako gazteek korrikarako zituzten dohain bereziei erreparaturik eta korrika haien maila sekula harrapatuko ez zuela konturatuta, gainontzeko lagunek erosterik ez zuten bizikletari heldu zion gure Chrisek. Bere zaletasuna, ordutik hona, bere bizikleta izan da, eta sekula ez du izan, beste ingelesek bezala, Kenyako animalia ederrak ehizatzeko tentaziorik.

Baina, aldiz, orain arte ezkutuan izan duen ehiztari sen hori, 2011ko Vueltan azaldu da agerira. Bere eskopeta kartutxoz beterik ekarri du lasterketara, eta, horietako gehienak, bere morroi eta liderraren esanetara xahutu behar izan ditu. Azken kartutxo bat gordeta eduki duen arren, bere taldeak eta ibilbideak ez diote betarik eman berak lortu nahi zuen presa ederra eskuratzeko. Chrisek ez zion min eman nahi, baina «bisonteak» zeukan larru gorriaz amesten zuen. Italian larru arrosa, Frantzian horia eta Espainian gorria dira preziatuenak, eta Chrisi «bisontea» ehizatzeko grina hori sortu zitzaion. Azkenean, gutxigatik bada bere, ezin izan du lortu, eta «bisonteak», kostata bada ere, bere larru preziatuaz gozatzen jarraitu ahalko du.

Eta hauxe izan da bi kontakatilu hauek kontatzeko zuten azken ipuina.

Agurtzen hasi aurretik, berriz ere eskerrik beroenak GARAko lagunei, beraiek utzitako lerro hauen bidez zale eta irakurleengatik gertuago egoten uzteagatik. Horrela, bi txirrindulari hauen atzean dauden akats, bertute, gustu edo ohitura ezberdinak plazarazi ahal ditugulako. Bestetik, mila esker gure lagunei, entrenatzaileei eta profesional izateko ametsa gauzatzen lagundu diguten guztiei.

Baina gaur, batez ere, zuei. Anonimotasunetik gure txirrindulari izateko ametsa gauzatzeagatik horrenbeste kilometro eta sakrifizio egin dituzuen lauoi eman nahi dizkizuegu eskerrak. Makina bat kapritxo eta gauza utzi behar izan dituzue gure zoriontasuna lortzen laguntzeko. Ez gara ez garaile ez punta-puntakoenak, baina zuei esker, ikaragarri gozatzen dugu, afizioa ofizioa bihurtu dugun mundu honetan.

Jose Antonio eta Mari Tere, Manolo eta Maria Eugenia. Gizakia horrelako kokoloa da askotan, eta, gauzak esan beharrean, errazago egiten zaio idatziz sentitzen duena espresatu eta jendeari helaraztea. Aita, ama, mila esker, gauden tokiraino heltzeko egon diren, bidean izan ditugun, oztopo eta arazo guztiak gainditzen lagundu izanagatik.

Mila esker gugatik egin duzuen guztiagatik.

Ken Zazpik dioen bezala, zuei, gugatik dena eman duzuen horiei!!!

Mila-mila esker eta besarkada bero bat.

Zuen Amets eta Markel.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo