GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Imanol Oruemazaga Bazeta | Ondarroa

Ibon Iparragirre «versus» Camacho eta Rubalcaba

Lehengo egunean, egunkariak irakurtzean, a zelako sumindura eta amorrazioa sortu zitzaizkidan nire baitan! Ezinbesteko egiten zait zuoi jakinaraztea.

Egunkari batek tarte zabala eskaini zien gure artean izan ditugun Camacho Espainiako Gobernuko Barne ministroak eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako bozetarako hautagai sozialistak irratietan egin zituzten adierazpenei. Biek ala biek adierazi omen zuten Euskal Herriko egoera «aldatu egin dela...», bi urte igaro direla erakunde armatuaren atentaturik gabe, «iraultza zerga» deiturikoa eten egin duela ETAk, eta uda honetan ia kale erasorik ez dela egon.... Hori guztia Espainiako Gobernuak izan duen «irmotasunari esker».

«Hitza» egunkari xumean, aldiz, hara non aurkitzen dudan Ibon Iparragirre herriko presoari buruzko erreportajea. Berton, Ibon presoak azken hilabete honetan sufritu behar izan duen kalbarioaren eta, hori dela eta, Ondarroan egin diren herri mobilizazioen informazioa.

Madrileko buruzagi jaunok! Egiatan uste duzue azkenaldi honetan Ibonen alde Ondarroan egin diren mobilizazioak hain baketsuak eta eredugarriak izan direla zuen Gobernuaren irmotasunari esker? Mesedez! Ibon Iparragirreren kasuan, ondarrutarrok zirikatu eta probokatu besterik ez gaituzue egin!

Bi gertaera soilik aipatuko dizkizuet:

1. Ez al da probokazio zitala espetxeko osagileak berak Ibon erietxera eramateko eskatu, erietxe batera eramateko gestioak ere egin eta Instituciones Penitenciarias delako erakundeko arduradunek espetxez aldatzea?

2. Herritarron mobilizazioei esker, Ibon Basauriko espetxera aldatzea lortu denean, zer egin duzue Ibonekin? Zer ote da gaitz larri batek jota dagoen preso bat Sevilla II espetxetik Basauriko espetxera aldatzeko bidaia zortzi egun iraunaraztea?

Basauriko espetxera bidean, nolako baldintzatan eduki zenuten bost egunez Valdemoroko espetxean? Eta zer esan dezakegu egun horietan Ibonen etxekoekin izan duzuen portaeraz? Ezjakinean mantendu dituzue bidaiak iraun duen bitartean. Eta, gero, etxekoen lehen bisita lortzeko jarritako eragozpenak...

Etxekoak eta herritarrok geuretik ateratzeko eginahalak egin dituzue. Baina ondarrutarrok geure mobilizazio baketsuekin jarraitu dugu geure erabakiz. Eta ez zuen Ertzaintzako morroien eraginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo