Ane Garmendia | Irakaslea
Diskriminazioa
Kosta egiten zait XXI. mendean niri gertatutakoa gerta daitekeela sinistea. Ni irakaslea naiz. Aurreko ikasturtea lanean aritu ostean, uztail hasieran, ikastola batetik aurtengo ikasturte osorako lana eskaini zidaten. Nire ordutegia eta liburuak eman zizkidaten, irailerako klaseak presta nitzan, baita lankideetako batzuk aurkeztu ere. Irailaren 1ean nintzen hastekoa. Horraino dena ondo.
Udan haurdun geratu naiz, eta abuztu erdialdean, ikastetxeko zuzendaritza batzordeko kide bati deitu nion, nire egoera berria azaltzeko. Ez nuen ezer ezkutatzeko. Haurra martxo amaieran jaioko da; beraz, irailaren 1ean lanean hasi baino lehenago, nire egoera azaldu nahi izan nion. Eta egun batzuetako isilunearen ostean, pentsa ezin zitekeena gertatu da: lana galdu dut. Arrazoia? Haurdun nagoela. Oraindik ezin sinetsian nabil... Non geratu dira ikastoletako balioak? Eta emakumeen eskubideak? Ikastolan ikasi izan dut beti, nire lehen semea ere ikastolan dago matrikulaturik; beraz, ikastolak duen eredu pedagogikoan sinisten dut. Badakit hartu duten erabakia ikasleengan pentsatzen hartu dutela, urte osorako irakasle berbera izan dezaten. Baina emakumeok haurrak izango ez bagenitu, non geratuko lirateke ikastolak? Lerro hauek idazten ditut aurrerantzean horrelakorik gehiago gerta ez dadin.