GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi | Kazetaria

Makinak pertsonen pare?

Kronikak idazten dituzten makina asmatzen. Horretan dihardu Ameriketako Estatu Batuetako enpresa batek. Orain arte, antza, futbol partiden kontakizunak egiten ari dira probatzen, baina nork daki? Gertutasunagatik akaso, ditxosozko asmakizunak ez dit, hasiera batean behintzat, aparteko ilusiorik egin. Ikusteko dago aurrera egingo duen, edo besterik gabe bitxikeria hutsean geldituko den kontua; baina honek ez du behinik behin dagoeneko makina bat lekutan lanbideak duen izen makala goratzen lagunduko.

Atrebentzia da makinek pertsonen lana egin dezaketela pentsatzea. Lagundu bai laguntzen dute, baina zein neurritan esan daiteke makinek pertsonak ordezkatu ditzaketela? Ikerlariak tematuta daude batzuek eta besteek egiten dutenari izen bera ematen, salgarriago egiten dituztelako beren asmakizunak horrela. Kontua da ditxosozko programa informatikoak kronika egin dezan datuak sartuko dizkion pertsona bat behar duela aldamenean, horretarako beste makina bat asmatzen ez duten bitartean behinik behin.

Orain bateren bat hasiko zait esaten ea nik ez ote dudan garbigailurik erabiltzen eta... Bai noski, baina noiz edo noiz hark garbitzen ez dituenak marruskatzea egokitu zait, ez pentsa. Kasu honetan, ordea, sormen kontuak daude tartean. Elkarrizketetara ere eramaten dira makinak, grabagailuak, baina horiek ez dituzte elkarrizketak prestatzen, ez dituzte galderak egiten, esaldirik deigarrienak aukeratzen... jaso baino ez dute egiten, jaso eta gero bota.

Sortu ere egiten dute makinek, baina ez dute sormenik. Sentimendurik ere ez oraingoz. Etorkizunean, ordea, robotek sentitzeko gaitasuna izango dutela esanaz ari dira jada; parean jarritako pertsonak sentitzen duena irakurri eta hari erantzutekoa, alegia. Bakarrik bizi diren pertsonei lagunduko dietela diote eta akaso behar-beharrezkoa dela pentsatuko dute horretan lanean ari direnek, baina niri nahikoa frustrazio eragingo lidake, aldamenean ditudanak askotan harrapatzen ez dituzten keinuak makina batek harrapatuko balizkidake, besteak beste, pertsonek eman ditzaketen gauza asko bueltan emango ez lizkidakeelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo