GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH Jaietan | Lezo

Alkate txikien pregoiak zabalduko die gaur atea Lezoko santakrutzei

Gaur hasi eta datorren igandera bitartean, Lezon izango da zer ikusi eta zer gozatu, zer dantzatu eta zer abestu, zer jan eta zer edan. Santakrutz jaiak iritsi dira, eta egitarau bete-betea prestatu dute herriko elkarteek eta Udalak sei egun hauetarako. Alkateak berak herritarrei helarazitako agurrean adierazi duen bezala, «krisialdiak krisi, arazoak arazo, atseden eta pozerako tokia bilatu behar da».

p018_f03.jpg

p018_f04.jpg

GARA |

Lezoko herria santakrutzetan murgilduko da gaur, arratsaldeko zazpietan. Une horretan, Gurutze Santuaren plazan, alkate txikiek hasiera emango diete jaiei, pregoia irakurri eta txupina botata. Segidan, Tomas Garbizu musika eskolako bandak eta herriko txistulari taldeak «Lezoko Herria» ereserkia -Garbizuk berak osatutakoa- joko dute, eta plazatik bertatik kalejira abiatuko dute txistulariek eta buruhandi eta erraldoiek.

Gurutze Santuaren bezperen ondoren, egunotan beren borondatearen aurka herrian egoterik izango ez duten preso eta iheslariak izango dituzte gogoan, 20.00etan, elkarretaratzean.

Gauean, Modestoren eskutik dantzaldia helduko da, 22.00etan hasita, herriko plazan. Afaltzeko tartea hartu eta gero, 00.30ean berriz hasiko da musika. Baina horren aurretik, gauerdian, eguneko ekitaldi nagusiaren txanda izango da: Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteetako helduen danborrada. 400 bat lagun dira parte hartzekoak.

Estreinakoaren ostean, bost egunez festa giroa izango da herrian. Hain justu, biharkoa da egun nagusia, Gurutze Santuaren omenezkoa. Txistularien diana 10.00etarako hasiko da, 11.00etan meza nagusia izango da, eta ordu horretan bertan, Goiko Plazan, gazteentzako zinta lasterketa egingo da.

Herri kirolen erakustaldi ederra aurreikusita dago, 13.00etarako, Gurutze Santuaren plazan: alde batetik, harri jasotzen, Iñaki eta Inaxio Perurena aita-semeak eta Agustin Landarbide arituko dira; eta bestetik, aizkoran, Fausto Mugerza, Joxe Mari Olasagasti, Donato Larretxea eta Erneste Ezpeleta, Bihurri.

Ez da, ordea, dena lehia izango eguerdi parte horretan: 12.00etan bertan, Karlos Saldise plazatik kalejiran abiatuko dira buruhandi eta erraldoiak, txistulariekin; eta handik ordu erdira, «I-14» izendatutako egunari hasiera emango diote, «tartekoen» eta arrantzaleen bilkurarekin. Herriko plaza nagusian jarria dute hitzordua, fanfarre eta guzti.

Aurten, hiru bazkari

Izan ere, jaietako egun handian aurten berrikuntza bat dago. Ez dira bi bazkari egingo, tradizioz izan den bezala -erretiratuena eta arrantzaleena-, hiru baizik: «tartekoena» -hain gazte izan gabe, oraindik ere parrandarako irrikaz dauden herritarrak bilduko dituena, 200 bat guztira- egingo dute 14.30ean Karlos Saldise plazan. 65 urtetik gorakoena, aldiz, Lintzirinen egingo dute 14.00etan, eta arrantzaleena 15.00etan Irurtzun jatetxean.

Eta bazkalosterako, eskaintza polita: 17.00etan haur jolasak Euskal Herria plazan, eta XXXVI. Josetxo Etxandi Oroitaldiko pilotari federatuen txapelketako finala; 18.00etan, poteo herrikoia, fanfarrearen laguntzaz; 19.00etan, buruhandi eta erraldoien kalejira; 22.30ean, zezensuzkoa; eta iluntze eta gau partean, dantzaldia Joselu Anaiak taldearekin.

Ostegunean, Baserritarren Eguna izango da. 09.00etan hasiko da ganadu feriarekin -Gurutze Santuaren plazan-, eta 12.00etan idi demaren lehenengo saioa egingo dute probalekuan -bigarrena 17.30ean izango da-. Ohi denez, baserritarrek bazkaria izango dute Ixkulin eta Tiñelu elkarteetan. Eta batzuen eta besteen bertso-gogoak asetzeko, Andoni Egañak, Sebastian Lizasok, Maialen Lujanbiok eta Alaia Martinek saioa eskainiko dute 19.30ean, Gurutze Santuan.

Ostiraleko egitarauko ekintzak arratsaldean hasiko dira. 16.30ean, etxeko txikienek zezentxoak eta poniak izango dituzte; 19.00etan, buruhandi eta erraldoien aurretik lasterka egiteko modua izango dute; eta 20.00etan, preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea izango da. Afalostean, musikaren txanda helduko da: Gurutze Santuaren plazan, dantzaldia Laja Bigarrenaren eskutik; eta Saldiserenean, rock kontzertua Ze Esatek! eta eskualdeko zenbait talderekin.

Larunbata ere garrantzitsua izaten da santakrutzetan. Ekitaldi eta ikuskizun franko prestatu dituzte aurten ere. Esaterako, haur jolasak izango dira goizean, eta 3x3 saskibaloi topaketa gazte eta helduentzako. Eta txapelketa bat baino gehiago ere izango da egunean zehar: marmitakoa prestatzen, musean jokatzen, dantza soltean, herri mailako pilotarien lehia... Musikak ere leku berezia izango du: blues emanaldia Jauregialden, 19.00etan; karaokea ere bertan, 21.00etan; Erlaxirekin dantzaldia Gurutze Santuan, 23.00etan; eta rock kontzertua gazte lokalean, gauerditik aurrera.

Baina, horien guztien gainetik, II. Muxiko Eguna da larunbatekoa. Lezoko Euskal Dantzazaleak taldeak 11.00etan erakustaldia egingo du, Saldise plazatik abiatuta. Eta 20.00etan, emanaldi nagusia izango da: Lezoko Dantzazaleez gain, Vilanova i la Geltru (Katalunia) herriko dantzariek -55 dira etortzekoak- jardungo dute.

Azken eguna 10.00etan hasiko da dultzaineroen dianarekin. 11.00etan toka txapelketa egingo dute, eta eguerdian inude eta artzainen desfilea, Lopenetik hasita. Arratsaldean, Joxe Mendizabalen eskutik erromeria izango da, eta gauean, Musika Eskolako Bandaren emanaldia. 22.30ean txinpartak botatzen hasiko den zezensuzkoak itxiko ditu santakrutzak.

oroimena

Justu gaur 75 urte dira frankistak Lezon sartu zirela, eta herria indarrez hartu zutela. Gertaera hori gogoratzearren, 18.30ean ekitaldi xume bat egitea deliberatu du Udalak eta jai egitaraua prestatu duten herriko taldeek.

«tartekoak»

Gurutze Santuaren egunean bi bazkari egin izan dira tradizioz, erretiratuena eta arrantzaleena. Aurten, hirugarren bat ere egingo dute: «tartekoena». Hain gazte izan gabe, oraindik parrandarako irrika eta sasoia gordetzen dutenei zuzenduta dago.

elkarteen lana

Herriko hogei bat elkarte eta taldek osatzen dute santakrutzetako egitaraua. Bospasei bilera egiten dituzte guztia zehazteko, Udalak prestatutako aurrekontuarekin eta emandako laguntzarekin.

baserritarrena

Osteguna, hilak 15, Baserritarren Eguna izango da. Goizean goiz hasiko da egitarau zabala, ganadu feriarekin, eta hortik aurrera apenas izango dute atsedenerako aukerarik: idi demak, bazkaria bi elkartetan, bertso saio aski dotorea...

II. muxiko eguna

Larunbatekoa egun handia izaten dute Lezoko festetan, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Beste hainbat gauzaren artean, II. Muxiko Eguna ospatzen dute. 20.00etan, Gurutze Santuaren plazan, Lezoko Euskal Dantzazaleak elkartekoek eta Kataluniako Vilanova i la Geltru herriko dantzariek erakustaldia egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo