Nafarroako Hezkuntza, ultrakatolikoen kontrolpean
Atzo eta gaur GARAk bere irakurleei eskainitako erreportajeek hezkuntza publikoaren eta pribatuaren gaineko eztabaida gainditzen duen egoera bat agerian jarri dute, Nafarroako Hezkuntza Departamentuko kontseilaria Comunion y Liberacion talde ultrakatolikoko kide izateak herrialde horretako hezkuntza publikoan izan dezakeen eragina, hain zuzen. Jose Iribas kontseilariak eta Departamentuan berekin duen Andres Jimenezek eskubide osoa dute nahi duten erlijioaren jarraitzaile izateko, jakina; hala ere, hezkuntza publikoa horien eskuetan uztea beharbada ez da egokiena. Izan ere, hezkuntzaren arloan bereziki interesatutako erakunde bateko kideak izatea ez da hezkuntza publiko, doako eta kalitatekoaren bermerik onena. Comunion y Liberacion taldearen interesak erlijio-doktrinamendutik harago doaz, eta ikastetxe kontzertatuak finantziazio iturri nagusi izanda, erraz ulertzen da Hezkuntza Departamentua kontrolatzeak zer ondorio ekar liezazkiokeen talde horri, hezkuntza publikoaren kaltetan. Krisi egoera dela-eta, Nafarroako Gobernuak Hezkuntzan murrizketak egiteari ekin dio, Departamentuaren buruan Comunion y Liberacion taldeko bi kide daudela, hezkuntza publikoaz bestelako interesak dituen talde bateko bi kide, Comunion y Liberacion erakundeko buruei obedientzia zor dietenak.